Astigarragako deskontu-bonuen zortzigarren kanpaina egingo du Astiko Elkarteak urrian hasita, eta berrikuntza batekin abiatuko du. Bihartik urriaren 6ra, 65 urtetik gorakoentzat bonu fisikoak banatuko ditu herriko zenbait establezimendutan (erosketako eta erabiltzaileko bakarra): 20 euroko bonuak izango dira eta %25eko deskontua izango dute.
Ohiko bonuak ere bai
Gainontzeko erosleek ere izango dute Astigarragan kontsumitzera bideratutako ohiko deskontu-bonuak eskuratzeko aukera. Hain zuzen, urriaren 7an goizeko 9:00etan jarriko
dira salgai www.astiko.eus web-orriaren bidez, eta azaroaren 2ra bitarte erosi ahal izango dira.
Lau bonu-mota izango dira aukeran, %20ko deskontuarekin (herritarrak %80 ordainduko du): 10, 20, 50 eta 100 eurokoak. Establezimendu bakoitzak erabaki du zein bonu-mota
eskaintzen dituen.
Aurreko edizioan bezalaxe, ohiko bonuak erosten dituzten lehen 300 erabiltzaileek 20 euroko bonua jasoko dute opari. Opari-bonua beste kategoria bateko establezimendu batean erabili ahal izango da. Banaketa egiteko parte hartu duten establezimenduak bost kategoriatan banatu dira, eta sistema aleatorio baten bidez, beste kategoria bateko bonua jasoko du erosleak. Sistema honen helburua da Astigarragako merkataritza eta ostalaritza ezagutzera ematea eta establezimenduek bezero berriak erakartzea.
Bonu-mota guztiak 2025eko urriaren 7tik abenduaren 31ra arte erabili ahal izango dira.
Bonu gehiago, urriaren 21ean
Ohi bezala, ordura arte saldu ez diren bonuak birbanatu egingo dira kanpainaren erdialdean. Hori horrela, agortuta zituzten establezimendu batzuek bonu gehiago izatea
salgai. Birbanaketa hori urriaren 21ean egingo da.
Bonuen kanpaina finantzatzeko, Astiko Elkarteak Astigarragako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jaso du.