«Justizia eta erreparazioa lortzeko eta memoriaren parte izateko eskubidea betetzea eskatzen dugu»

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 29a, 00:00

Astigarragako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak (EH Bildu, EAJ eta PSE) aho batez onetsi du adierazpena, Agustin Irazustabarrena astigartarraren hilketaren 40. urtemugan.

Astigarragako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak (EH Bildu, EAJ eta PSE) aho batez onetsitako adierazpena argitaratu du, Agustin Irazustabarrena astigartarraren hilketaren 40. urtemugaren harira onartu du ondorengo adierazpen instituzionala.

«Astigarragako Udaleko Osoko Bilkura honen borondatea da memoria publikoaren politika bat egitea, eta horren bidez egia, justizia eta erreparazioa lortzeko eta memoriaren parte izateko eskubidea betetzea. Eta hori Agustin Irazustabarrena Urruzola Legra-ri egindako aitortzazko adierazpen instituzional honetan gauzatzen da, bere ondare preziatuena kendu ziotelako: bizitza.

Estatu indarkeriaren ondoriozko giza eskubideen urraketen biktimei buruz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendariak 2008ko ekainaren 24an argitaratutako Txostenean, atentatuetan hildakoen zerrendan jaso zuen Irazustabarrenaren kasua.

Gaur, Agustin Irazustabarrena Urruzola Legra-ren erailketaren 40. urteurrenean, aitortzazko adierazpen instituzional indibidualizatu hau egingo dugu. Aipamen berezia egiten diogu bere familiari eta jasan duen sufrimendu gehigarriari. Familiarengana hurbildu nahi dugu erantzukizunez, egiaz eta enpatiaz.

Gure nahia da adierazpen hau ahots politiko guztien adierazle bateratua izatea, Agustin Irazustabarrena Urruzola Legra-ri egindako injustiziaren aurrean elkartasun eta gizatasun adierazpen bat izatea, eta, erakunde publiko bezala daukagun erantzukizunetik, aitortza eta erreparazioa lortzeko gogoeta bat izatea.

Eskubideak errespetatuz eta urraketak baztertuz eraiki behar da memoria. Horregatik udal honen nahia eta konpromisoa da lanean jarraitzea astigartarrok gure antzinako eta iragan hurbileko historiako edozein unetan jasandako urraketa guztiak aitortu eta erreparatzeko.

Iraganak ezin du aitzakia izan bizikidetzaren bidea ez egiteko. Espero dugu jokabide horrek bakearen eta giza eskubideen kultura sustatzea, eta oinarri sendoak finkatzea Astigarragan bakean eta bizikidetza demokratikoan oinarritutako etorkizuna eraikitzen jarraitzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!