Udazkenaren etorrerak bolada berezi bati ematen dio hasiera Astigarragan. Sagar usaina herrira iritsi da dagoeneko, eta ospakizunerako momentua da. Sagar Uztaren 25. edizioa ospatuko dute egun hauetan, herrian ondo errotuta dauden jarduera askorekin.
Ostegun arratsaldean sagarrarekin egindako pintxoen lehiaketa egin zuten. Horixe izan zen lehenengo jarduera, eta Ikatza tabernak lortu zuen txapela preziatua. Gaurko egunez, sagar bira, Bretainiako sagar dultzea egitea eta dantzarien elkartrukeaz gozatzeko aukera izango da.
Egun hauetan, gutxi gorabehera, 1.500 kilo sagar erabiliko dituzte Astigarragan.
Egun haundia, bihar
Sagar Uztako momenturik bereziena, dudarik gabe, Sagarraren Jaia izaten da. Foru plazak ezohiko itxura hartuko bihar, azoka eder batekin. Eguerdiko 13:00etan hasiko da sagar dantza eta kirikoketa, eta segidan topa herrikoia egingo dute 2025 uztako lehenengo muztioarekin.
Goizean zehar, sagardoa egiteko prozesu tradizionala bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da Foru plazan. Arratsaldean, berriz, pelota partiduekin borobilduko dute eguna.
Sagar Uztaz gain, Udazken Zaporez egitasmoa ere aurkeztu zuten ostegunean. Urrian eta azaroan zehar zenbait tailer egingo dituzte Sagardoetxean, eta jarduera gastronomikoak ere izango dira herrian.
XXV. SAGAR UZTA 2025 ASTIGARRAGA GAUR 09:30 'Sagar bira', Santiagomendiko Sagardo Bidean mendi buelta familian. 10:00-19:00 Bretoi estiloko 'Pomme' sagar dultzea egitea, Bretainiako Les Ramaougeriesen eskutik. 19:00 Boiroko dantzariekin elkartukea: Pedra da Aroña eta Astigar dantza taldeen emanaldia. Foru plazan. BIHAR - SAGARRAREN JAIA 09:30 Txirrisklako Txistularien diana. 10:00 Sagar biltzea familiekin. Sagardoetxeko sagastian. 11:30 Sagarraren kalejira. 11:30 Sagarraren azoka. Foru plazan. 12:00 Sagardogintzako lanak. 13:00 Sagar dantza eta kirikoketa. 13:30 Txalaparte eta 2025 uztako lehen muztioarekin topa herrikoia. 17:30 Pelota partiduak. |