Astigarragako EAJ-PNVk «pasibotasuna» egotzi dio Udal Gobernuari

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 25a, 00:00

Astigarragako EAJ-PNVko zinegotzi eta alderdikideak.

"Astigarragak ekintza eta proiektu errealak behar ditu, ez EH Bilduren aitzaki gehiago”, adierazi dute.

Astigarragako EAJ-PNV udal taldeak orain arteko balantzea egin du legealdi honetan EH Bilduren udal gobernuak egindako kudeaketaz. Alderdi jeltzalearen arabera, "gobernuak bere promesetako asko bete gabe utzi ditu, eta udalerriarentzat funtsezkoak diren proiektuak geldirik daude oraindik".

Maria Otaegi bozeramaileak salatu duenez, "EH Bildu diskurtso eta promesa haundiekin iritsi zen, baina gure eguneroko bizitza hobetu behar zuten proiektu nagusiak geldirik daude: anbulatorioaren berritzea, DBH berria edo autobus zerbitzu eta mugikortasunaren hobekuntza, besteak beste”.

Legegintzaldiaren erdian gaudela gogorarazi du, eta emaitza zehatzik ikusten ez dela. “Udal gobernuaren ekintza eza kezkagarria da, eta arazo larrienak konpondu gabe daude oraindik. Baliabide eta aurrekontu nahikoak izan arren, bonbo eta platillo artean iragarritako ekimen asko airean geratu dira, eta herritarren bizi-kalitatea kaltetu dute”, adierazi du.

Udal talde jeltzaleak nabarmendu duenez, "EH Bilduren gobernuak ekintza falta erakutsi du, eta horrek herritarrei zuzenean kalte egiten die. Kaleetako segurtasuna hobetzeko edo azpiegitura irisgarriak sortzeko konponbideak ez dira iritsi, eta kezka haundiz ikusten dugu etorkizun hurbilean ere ez dagoela inolako zantzu argirik”, gaineratu du Otaegik. Horregatik, EAJ-PNVk herritarrei dei egin die "pasibotasunaren, kudeaketa faltaren eta EH Bilduren bete gabeko promesen aurrean erreakzionatzeko". 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!