'Gizonak berdintasunerantz' lelopean, gogoeta egin eta kontzientzia hartzeko saioak egingo dituzte Astigarragan, gizonentzat. Guztira bost saio egingo dituzte urritik otsailera, hilean behin. Lehenengo saioa urriaren 15ean izango da, arratsaldeko 17:30etatik 20:00etara, Erribera kulturgunean. Hurrengo lau saioen datak ere jarri dituzte: azaroaren 19an, abenduaren 17an, urtarrilaren 21ean eta otsailaren 18an, ordu berean.
Astigarragako Udalak Berdintasunerako IV. Planean jaso zuen ekintzetako bat da. Izan ere, plana diseinatu zenean atera zen ondorioetako bat izan zen gizonen inplikazioaren beharra berdintasunean urratsak eman ahal izateko.
Egoitz Arbiolek eskainiko ditu saioak, eta izenematea zabalik dago urriaren 3ra arte
Behar horri begira antolatu dituzte saio hauek, eta Hiruki Larroxako Egoitz Arbiolek zuzenduko ditu. Gizontasun ereduaren inguruan hausnartzeko espazioa izango dira. Saio horietan, gizonek gogoeta sakona egitearekin batera, ezinegonak eta kezkak partekatzeko, kritikarako eta autokritikarako ere balioko dute.
Berdintasunerantz urratsak eman nahi dituzten Astigarragako gizon guztiei zuzenduta daude saioak. Partehartzea doakoa da, eta izena eman behar da. Urriaren 3ra arte zabalik dago izenemateko epea. Horretarako edo informazio gehiagorako, berdintasuna@astigarraga.eus helbide elektronikoa edota 638 206 586 telefono zenbakia erabili daitezke. Online ere eman daiteke izena, formularioa beteta: https://labur.eus/tckra7ex.