'Elkar Zainduz' prozesua jarri du martxan Astigarragako Udalak, zaintzari buruz hausnartzeko

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 19a, 00:00

Prozesuaren aurkezpeneko argazkia.

«Zaintzaren krisi sakon batean» kokatu dute prozesua, eta horren bitartez artikulatu nahi dituzte zaintzaren bueltan dabiltzan eragileak. Dagoeneko bildu dituzte Astigarragaren diagnostikoa egiteko datuak.

«Zaintzaren inguruan hausnarketa eragiteko eta herrian zaintza sare bat eratzeko» 'Elkar Zainduz' prozesua abiatu du Astigarragako Udalak. «Pertsonen bizi kalitatea hobetzeaz gain, arlo komunitarioa indartzea da asmoa, zaintzak erantzukizun partekatua izan behar duela agerian utzita», zehaztu dute. 

«Zaintzaren krisi sakon batean» kokatu dute prozesua, «nabaria» delako zaintza beharrei erantzuteko «ezintasuna», eta arlo horretako ardura gehienak emakumezkoengan erortzen direlako. Berezia da Astigarragaren kasua; izan ere, biztanleriaren zahartzea eta jaiotza tasa altua elkartzen dituen herria da. Horregatik, prozesu honetan adin txikigoengan eta helduengan jarriko dute arreta. 

 

Zaintza mahaia, martxan

Prozesuarekin zaintzaren bueltan dabiltzan eragileak artikulatu nahi ditu Udalak. Dagoeneko bilduta daude Astigarragaren diagnostikoa egiteko datuak, eta herriko hainbat ordezkarik osatutako zaintza mahaian baloratuko dituzte. 

 

Parte hartzeko bi modu izango dituzte astigartarrek

'Elkar Zainduz' prozesuan parte hartzeko bi era izango dituzte Astigarragako bizilagunek. Lehenengo modua eraikin publikoetan topatuko duten galdetegi fisikoa erantzutea izango da, euren bizipenak, iritziak eta beharrak azalduz. Bigarren modua, berriz, bilera irekien bidezko ekarpena izango da; azaroaren 27an, otsailaren 5ean eta martxoaren 26an izango dira, Erriberan, arratsaldeko 17:30etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!