Bihar izango da Astigarragako Jabetze Eskoletan izena emateko azken eguna. Hori baliatuta, Udazkeneko Festarekin ospatuko dute matrikulazioaren amaiera. Arratsaldeko 17:30etan hasiko dituzte jarduerak, eta iluntzera arte luzatuko dute festa.
Batukada tailerra, Gazte Feministen Baterajotzearen aurkezpena eta bertso afari-merienda prestatu dituzte. Parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea, Emakumeon Etxera bertaratuta. Horretarako gaur izango da azken eguna.
EGITARAUA
17:30 Batukada tailerra. Zatoz probatzera!
18:30 Gazte Feministen Baterajotzearen aurkezpena.
19:00 Bertso afari merienda.
Bertsolariak: Aissa Intxausti, Maddi Aiestaran eta Maider Arregi.
Gai jartzailea: Olatz Zuazubiskar.
Webgune berria martxan jarri du Emakumeon Etxeak
Azken urteetako erabiltzaile kopurua ikusita, webgune bat sortzeko beharra ikusi du Emakumeon Etxeak. Dagoeneko erabilgarri dago webgune berria astigarragakoemakumeonetxea.eus estekan.
«Orain arte paperean eskaintzen zen informazioaren hedapena hobetuko da webgunearekin, eta , gainera, berehala jasotzeko aukerarekin, edozein unetan eta lekuan», azaldu dute.
Jabetze Eskolan izena emateko aukera ere badago webgune berrian.