Lortu du etxebizitza-eremu tentsionatu izendapena Astigarragak. Ostiralean eman zuen horretarako azkeneko urratsa Eusko Jaurlaritzak, izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta. Astigarragak ez ezik, Usurbilek ere jaso zuen izendapena egun berean, eta indarrean sartuko da urrian, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unean.
Ostiralean bertan, agerraldia egin zuten Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak, Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak, eta Denis Itxaso etxebizitza sailburuak, Astigarragako Erribera kulturgunean. «Bi udalerriek daukate amankomunean Donostiaren etxebizitza merkatuaren tentsio horrek eragiten diela izugarri. Eta hori gertatzen ari da Donostialdeako eta Txingudiko metropoli-ingurune osoan. Horrek eskatzen du mugaz gaindiko eta udalek dauzkaten eskumenetatik haratagoko hainbat erabaki hartzea. Horietatik eraginkorrena da eremu tentsionatu izendatzea eremu metropolitano osoa. Ez dauka zentzurik bakarrik Donostia edo beste udalerri bat izendatzeak. Gaurkoan, Astigarragako eta Usurbilgo udalen ekimenari esker ari gara izendapen hauen berri ematen», nabarmendu zuen Denis Itxasok.
Hain juxtu, dagoeneko izendapena jaso dute Astigarragak, Usurbilek, Errenteriak, Lasarte-Oriak eta Donostiak, eta prozesu horretan murgilduta daude Hernani eta Lezo; Pasaiak ere erakutsi du horretarako borondatea. Hernaniren kasuan, Jaurlaritzak abuztuan abiatu zuen izendapena aitortzeko prozedura.
Astigarragako familiek diru-sarreren %31,2 bideratzen dute etxebizitza ordaintzera
Udalerri horietan guztietan, herritarrek gero eta zailtasun haundiagoak dauzkate etxebizitza eskuratzeko, alokairuaren prezioen igoeragatik eta Donostiak eragiten duen presioagatik. Astigarragaren kasuan, familiek batazbeste diru-sarreren %31,2 bideratzen dute etxebizitza ordaintzera, eta alokairuaren errenta %23,1 garestitu da 2017tik 2022ra, KPIaren bilakaeraren gainetik.
Hiru urtez izango dute izendapena Astigarragak eta Usurbilek, eta epealdi horretan, aktibatuko dituzte etxebizitza eskaintza haunditzeko, alokairuak arautzeko eta laguntza sistema indartzeko diseinatutako ekintza planak.
Astigarragan, 503 etxebizitza eraikitzeko aukera aurreikusten du Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren berrikuspenak, urte bukaeran onartzea espero dutena. Horietatik 110 izango lirateke babes ofizialeko etxebizitzak, 65 prezio tasatukoak, 50 alokairu sozialekoak, eta gainerako 278ak erosketa librekoak. Horiei gehitu behar zaizkie Santiomendi, Murua eta Errekalde auzoetan eta hirigunean egin nahi dituzten berroneratze edo erregenerazio operazioak.
Xabier Urdangarin alkateak azaldu zuenez, proposatutako alternatibak erantzuten dio «udalerriaren hazkundearen erritmoa moteltzeko beharrari», biztanleria bikoiztu egin baita 20 urteko epean. Era berean, alkateak adierazi zuen «finantziazio haundiagoa eta lege-neurri eraginkorragoak» behar dituztela udalek, «gainezka dagoen merkatu baten prezioen igoerari aurre egin ahal izateko». Eta kritikatu zuen udalei kontsultarik ez egin izana lurzoruaren legearen berehalako erreforman.
Etxebizitza berriak eraikitzea ez ezik, eraikita dagoen hirigunean jarduteko proposamena ere egiten die planak udalerriei: erabiltzen ez diren lokalak aprobetxatzea etxebizitza bihurtzeko, eta lehendik dauden etxebizitza babestuko eraikinetan solairu berriak eraikitzea.
Alokairu kontratu berrien prezioetan, mugak
Eremu tentsionatu izendapenak, bestalde, mekanismoak aktibatuko ditu Astigarragan, alokairuaren merkatua erregulatzeko. Horrela, kontratu berrien prezioa mugatu egingo da, aurreko kontratuarena baino haundiagoa izan ez dadin; eta azkeneko bost urteetan alokatu ez diren etxebizitzen kasuan, erreferentzia indizea aplikatuko da. Espainiako etxebizitza ministerioak hil honen bukaerarako espero du Gipuzkoako Erreferentzia Prezioen Indizea prest izatea. «Horrek ahalbidetuko du Donostialdeko eskualde osoa figura horren pean babestea», nabarmendu zuen Itxasok.
Gainera, eremu tentsionatu izateak babesa indartuko du etxegabetzeen aurrean, eta kontratuen ezohiko luzapenak aktibatuko ditu maizterrak zaurgarritasun egoeran daudenean. Era berean, udalek Ondasun Higiezinen gaineko Zergan errekarguak aplikatuko dizkiete hutsik dauden etxebizitzei, eta kanon bat ezartzeko prestatzen ari dira, arrazoirik gabe hutsik dauden higiezinak zigortzeko. Eraiki gabeko lurzoruetan hirigintza-zehapenak eta desjabetzeak ere aurreikusi dituzte, eta baita pisu turistikoak mugatzea ere, etxebizitzen bizitegi erabilera bermatzeko. «Helburua da espekulazioa saihestea, eta etxebizitza-parkeak funtzio soziala betetzen duela ziurtatzea», adierazi zuen sailburuak.
Astigarragan, ekintza planak sustatuko du hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea, Bizigune eta ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa) programen bitartez. Aurreikusi dute etxejabeei zuzendutako informazio kanpainak egitea eta pixkanaka hutsik dauden etxebizitzen kanona aplikatzea.
Astigarragako zein Usurbilgo ekintza planei jarraipena egiteko, batzorde bateratuak aurreikusi dituzte Eusko Jaurlaritzarekin batera. Batzorde horiek urtero ebaluatuko dituzte egindako aurrerapenak eta tentsio-adierazleak.