Emakumeon Etxeak martxan jarri du udazkenerako emakumeontzako jabetze eskola. Emakumeen ahalduntze prozesuetan bidelagun izateko antolatzen da Jabetze Eskola urtean bitan. Zaintza erdigunean jarriz, tarte bat eskainiko zaio norberaren buruari, ikuspegi feminista eta intersekzionaletik aztertuko da errealitatea eta elkarrengandik ikasteko espazioak sortu. Emakumeen jakintza balioan jarri, elkarbanatu eta errealitatea eraldatzeko tresnak landuko dira jabetze Eskolan, gizarte parekide baterantz pausuak emateko.
Izen ematea online edo Emakumeon Etxean egin daitezke. Ikastaroetan izena emateko azken eguna irailaren 19a izango da, taldeetan, aldiz, urte osoan zehar eman daiteke izena.
Hauek dira emango diren tailerrak, ikastaroak eta taldeak: Gure plazak hartu (komunikazio trebakuntza eta ahalduntzea); Etxeko konponketak; Animal Flow; Klimaterioa, menopausia eta zoru pelbikoko ariketak; Mendi orientazio ikastaroa; Ama yoga; Lasaitasuna bideari irekitzen; Tuneatzeko tailerra; Amatasunen topalekua; Baratza feminista; Kafe tertulia; Elkarrekin bidea eginez; Flamenkoterapia saioa eta liburu aurkezpena; Sexualitateak, desioak eta erotismoa; Zineforuma; Pantailen itzalpean hitzaldia; Amatasuna eta feminismoa hitzaldia; eta Resistencia Romaní hitzaldia.
Jabetze Eskolaren udazkeneko festa, irailaren 19an
Ikastaroetan izen ematearen amaierarekin batera, irailaren 19an, udazkeneko festa antolatu dute, 17:30etatik aurrera. Batukada tailerrarekin hasiko dira; 18:30etan, Gazte feministen baterajotzearen aurkezpena egingo da, eta 19:00etan, bertso afari merienda.