Esleitu dira Astigarragako aldiriko geltokiaren eta haren sarbideen lanak

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 11a, 00:00

Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, Sacyr, Altuna y Uria, Mariezcurrena eta Zubiederrek osatutako   ABEEari esleitu dizkio eraikuntza-lanak, 13 milioi euroren truke.

 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, Sacyr, Altuna y Uria, Mariezcurrena eta Zubiederrek osatutako ABEEari esleitu dizkio Astigarragako aldiriko geltokiaren eta sarbideen eraikuntza-lanak, 13 milioi euroren truke. Enpresek 20 hilabeteko epea izango dute lanak burutzeko.

ETSk gainbegiratuko ditu lanak, izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta Administrador de Infraestructuras Ferroviarias-ek (Adif) hitzarmen bat sinatu dute Euskal Trenbide Sareak terminal berriaren obrak zuzen ditzan.

Proiektuak barne hartzen du eraikin angeluzuzen baten eraikuntza, solairu bakarrekoa, nasa eta trenbideen gainean zamalkatuta, 420 m²-ko azalera erabilgarriarekin, erabiltzaileentzako beharrezko zerbitzu guztiak hartuko dituena. Geltokiak, eskailera finkoen eta igogailuen bidez atariarekin lotuko diren 160 metroko alboko bi nasa izango ditu.

Terminalera oinezkoentzako eta txirrindularientzako pasabide baten bidez baino ezin izango da iritsi. Pasabide hori bidaiarien eraikinaren maila berean egongo da, eta, gainera, trenbideak eta Urumea ibaiak fisikoki bereizita dauden Donostiako eta Astigarragako udalerrien arteko lotura ezarriko du.

Pasabidea 306 metro luze eta 4,5 metro zabal izango da, eta hiru tarte izango ditu. Horietako bi, muturrekoak, aipatutako udalerri bakoitzera iritsiko dira; erdiko tartea, berriz, egituraren bidez geltoki berriari lotuta egongo da, eta sarbide gisa jardungo du.

Erabiltzaile nagusiak, geltokiko zerbitzuak erabiltzen dituzten edo/eta Urumea ibaia paseatzeko gurutzatzen duten Astigarragako bizilagunak izango dira, baina baita hiriguneen artean mugitzeko erabiltzen duten pertsonak eta Donostia aldean dagoen industrialdeko langileak ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!