Atzo amaitu ziren Ergobiako Jaiak, baserritarren egunarekin. Izugarrizko giroa izan zen Astigarragako auzoan, festek iraun duten lau egun hauetan, eta orain, Hernaniko Portu auzoari tokatzen zaio erreleboa hartzea.
Egun borobila izan zuten atzo ergobiarrek, ikuskizun ederrekin eta primerako eguraldiarekin, egunero izan den bezala. Egun eguzkitsua izan zen, eta irudi ederrak utzi zituen, bereziki, animalien ikuskizunek. Eguerdian zehar lehen lehiaketa, idi-dema izan zen. LIX. Ergobiko Sari Handia zuten jokoan hiru idi parek: Igone Pagadizabal, Inaxio Telleria eta Jexuxmari Matxain. Telleriak eraman zuen Ergobiko Sari haundia, 61 plaza osatuta. Hala ere, lehiakideak ez ziren urruti ibili. Pagadizabal izan zen bigarren 56 plazekin eta Matxain hirugarren, 49 plazekin. Ondoren, bazkari ofiziala egin zuten, menu konpleto batekin. Ondoren Kita del Pare txarangak auzoa girotu zuen, Leizuriren izozkiak gozatu aurretik.
Ergobiko haur eta helduen danborradak burrunba zabaldu zuten Ergobian eta eguzkia indarra galtzen zihoan bezela, zezen suzkoa atera zen auzoko kaleetan barrena, eta su artifizialak ere izan ziren festak borobiltzeko. Azkenik, jaiak amaitzeko, Ergobiko Zirkoa ikuskizuna egin zuten auzotarren artean.