Beti bezain ederra izan zen Ergobiko Jaietako igandea, eta hiru protagonista nagusi izan zituen: Ainitze Zumeta, Mikel Lopetegi 'Urra', eta Lizeaga sagardotegia.
Txapela janzten aurrenekoa izan zen Lizeaga, ordu biak aldera, Ergobiko Sagardo Lehiaketaren 62garren edizioa irabazita. Bertaratutako jendetzak zientoka sagardo botila hustutzen zituen bitartean, notak jarri eta jarri aritu zen epaimahaia, eta ezin estuagoa izan da aurtengo lehiaketa: 122 punturekin nagusitu zen Lizeaga, 120rekin bigarren sailkatu Petritegi, eta 119rekin hirugarren Alorrenea. Gainera, desenpatea egin behar izan zuten hirugarrena erabakitzeko, 119 puntu lortu baitzituen Oialume Zarrek ere.
Aldeak haundixeagoak izan ziren arratsaldean, harri baldarren txapelketetan. 55 kiloko 'Etxepazter' harriari 50 altxaldi egin zizkion Ainitze Zumetak, iaz jarritako errekorra (45) birrindu eta berriro txapela janzteko, azkeneko minutuetan sekulako abiaduran arituta. Lierni Osa (39) izan zen bigarren, erritmo konstantean; eta Maddi Gesalaga (36) hirugarren, indartsu hasi baina bigarren erdian deseroso arituta.
104 kiloko 'Harri Beltza'rekin, berriz, errekorretik altxaldi bakarrera geratu zen Mikel Lopetegi 'Urra' (54), baina seigarrenez jantzi zuen txapela, Paulo Azpiazuk ere sekulako lana egin zuen arren (51). Pare-parean ziren lan erditan, 26-27 altxaldirekin; eta hobeto eutsi zion 'Urra'k azkeneko minutuetan. Xabat Olaizolak 45 lortu zituen: 50 lortzeko erritmoan ari zen, baina indarrek huts egin zioten bukaeran.
Jaien azkeneko egunean, idi-dema eta Ergobiko zirkua
Gaur bukatuko dira Ergobiko Jaiak, eta itxuraz egitaraua aurreko egunetan baino laburragoa den arren, ederki gozatzeko aukera izango da oraindik. Idi-demak hartuko du protagonismoa goizean, txarangak eta musikak arratsaldean, eta borobila izango da jaien bukaera: zezensuzkoa, su artifizialak eta Ergobiko zirkuaren ikuskizun harrigarri bezain umoretsua.
GAUR, Baserritarren Eguna
11:00, Idi-dema: LIX. Ergobiko Sari Handia. Hiru partehartzaile ariko dira lehian, elkarren segidan: Igone Pagadizabal, Inaxio Telleria eta Jexusmari Matxain.
14:30, Bazkari ofiziala. Menua: fritoak, iberiko sorta, zapoa plantxan, solomilloa letxuga entsaladarekin, edariak, goxua eta kafea. Helduek 35 euro, 16 urtetik beherakoek 20 euro.
16:30, Kita Del Pare txaranga.
18:30, Leizuriren eskutik, izozkiak banatuko dira.
19:30, Ergobiko haur eta helduen danborrada.
22:30, Zezensuzkoa.
23:00, Su artifizialak.
23:15, Jaiak bukatzeko, Ergobiko zirkua.