Trebezia protagonista atzo, 'baldarkeria' gaur

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 24a, 00:00

Ziztu batean osatu zuten Andre Gobadarien ibai parkeko zirkuitua, korrikalari gaztetxoek.

Sagardoak eta harrijasotzaileek hartuko diete erreleboa, Ergobiko Jaietan, atzo bere onena eman zuten korrikalari txikiei, sukaldariei edota aizkolariei. Egun haundia izango da gaurkoa, eta jendetza bilduko da beste urte batez.

Ergobitarrek eguraldi ona kontratatu balute bezala, badirudi eguzkiak egunero egingo duela bisita jaietara. Eta euriaren kezka guztiak atzean utzita, ederki ari dira festez gozatzen auzotarrak. Halaxe gertatu zen atzo, eta hala izango da, ziur, gaurkoan ere. Egun bakoitzak izango ditu bere berezitasunak, dena den.

Atzokoan, trebezia izan zen protagonista Ergobiko Jaietan, mota guztietako jardueretan. Ikusi besterik ez dago, adibidez, nolako abiaduran osatu zuten korrikalari txikienek Andre Gobadarien ibai parkeko zirkuitua, goizean; edota zeinen tortilla goxoak prestatu zituzten sukaldariek lehiaketarako. Ez zen atzean geratu, noski, aizkolarien erakustaldia. Binakako lehian aritu ziren Iker Vicente txupineroa eta Irati Astondoa, batetik; eta Nerea Arruti eta Jokin Urretabizkaia 'Basozabal', bestetik. Seina enborreko lanarekin, erreleboak bizi-bizi emanez, lehia ederra izan zuten bi bikoteek, eta pare-parean iritsi ziren azkeneko enborrera. Buka­era gehixeago trabatu zitzaien otsagiarrari eta zeanuriarrari, eta Arrutik eta 'Basozabal'ek lortu zuten garaipena (17:01), 17 segurunduren aldearekin.

Lehia amaituta, herri bazka­riaren zain, ahoa urtuko zitza­ion bati baino gehiagori, mahai batean prest zeuzkaten txuleta ederrak ikusita... Bapo bazkaldu zuten karpapean, horretaz ez daukagu zalantzarik!

Toka, pañuelito eta mozorro artean murgildu ziren arratsaldean, eta musikaren aginduetara jarri iluntzetik aurrera, plazaren erdian dantzan edo aulkitik zein barra ertzetik begira.

Atzoko trebeziak, 'baldarkeria'ri utziko dio protagonismoa gaurkoan, Ergobiko Jaien egun haundian. Ez dezala inork gaizki hartu, baina halaxe ibiliko dira batzuk, baldar xamar, eguerdiko dastaketan sagardo guztiak probatuz gero. Baldarretan baldarrenak, dena den, arratsaldeko harriak izango dira: 'Harri Beltza' eta 'Etxepazter'. Haiekin lanean ariko dira hiruna emakume eta gizon, txapel preziatuen bila. Kenduko ote dizkiete buru gainetik Ainitze Zumetari eta Mikel Lopetegi 'Urra'ri, beste lau harrijasotzaileek?

GAUR, Sagardo Eguna

10:30, Meza Nagusia Astigarragako Andre Maria parroki elizan, auzoko hildakoen oroimenez. 

11:30, LXII. Sagardo Lehiaketa. Astigarragako sagardogile guztiak izango dira gonbidatuak. Dastaketa eguerdiko 12:00etan hasiko da plazan, eta nahi adina sagardo eta pintxo izango da hurbiltzen diren guztientzat. 

17:30, Harrijasotzaileak: Gizonezkoen XI. Txapelketa, Ergobiko 104 kiloko 'Harri Beltza'rekin; eta Emakumezkoen IV. Txapelketa, 55 kiloko 'Etxepazter' harriarekin. Partehartzaileak: Paulo Azpiazu, Ainitze Zumeta, Maddi Gesalaga, Mi­kel Lopetegi 'Urra', Lierni Osa eta Xabat Olaizola.

19:00, Jaietan parte hartuko duten idien pisaketa, plazan.

19:30, Matraka elektro­txaranga.

21:00, Afaria, karpan. Menua: entsalada errusiarra, langostinoak, txekor kostilla, edariak, limoi sorbetea, torrijak natillekin eta kafea. Helduek 30 euro, 16 urtetik beherakoek 15 euro.

23:00, Zezensuzkoa.

23:30, Zaldi proba: Zerainen eta Imanol Mujikaren zaldiak, aurrez aurre.

00:30, DJ Eto, karpan.

Erlazionatuak

Ergobiko Jaiak - Larunbata

Kronika - Erredakzioa abu 23 Astigarraga

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!