Behin ez, bitan jarriko dute lanean Iker Vicente aizkolaria, aurtengo Ergobiko Jaietan. Otsagiarrak atzo egin zuen aurreneko bisita auzora, omendu gisa: berak bota zuen jaien hasierako txupinazoa. Aitortu zuen «ilusio haundia» egin ziola Jai Batzordearen deiak: «Duela 10-12 urtetik, urtero-urtero etorri naiz Ergobira, egutegian ondo markatuta daukadan data da. Beti etxean bezala tratatu nauzue, eta niretzat oso berezia da hona etortzea. Horregatik, ohore bat izan da txupinazoa botatzea, eta asko eskertzen dizuet», adierazi zuen Iker Vicentek.
Noski, aurten ere ez dio hutsik egingo urteroko zitari, eta beraz, Ergobin izango da gaurkoan ere, bere ohiko jardunera bueltatuta: aizkorarekin lanean jarriko dute, eguerdiko 12:00etan hasita, binakako proba mixtoan. Irati Astondoa zeanuriarrarekin ariko da Vicente, Nerea Arruti urnietarraren eta Jokin Urretabizkaia 'Basozabal' donostiarraren kontra. Lehia bizia eta erakustaldi polita eskainiko dute lauek.
Antolatzaileek gaurko prestatu duten ekintza sorta ederraren parte izango da aizkolarien saioa. Izan ere, atzo arratsaldean motorrak berotuta, oso egitarau potoloarekin segiko du Ergobiko festak asteburuan. Haurren krosarekin, padel txapelketarekin eta tortilla lehiaketarekin hasiko dute gaurko eguna, eta herri kirolen ondoren, bazkari herrikoia ere izango da.
Indarrak berrituta, toka txapelketak, pañuelito lehiaketak eta mozorro festak hartuko dute erreleboa, eta Garazi abeslariak jarriko dio errematea arratsaldeari. Eta eguna amaitzeko, zezensuzkoak denak korrika jarri ondoren, musikak girotuko du jaietako bigarren gaua: Komerik musika taldearen kontzertua izango da aurrena, eta DJ Stefano Ghizziren saioa ondoren.
GAUR, Auzotarren eta Gazteen Eguna 10:00, Kros txikia, Andre Gobadarien ibai parkean. 10:30, Padel Txapelketaren finalak, Padel 21 Astigarraga aretoan. Sariak arratsaldean banatuko dituzte, Ergobiko plazan. 11:00, Tortilla txapelketa. Partehartzaileek goizeko 11:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte etxean egindako tortillak. 11:00, Pasai txarangaren 12:00, Aizkolariak. Proba mixtoa: Iker Vicente, Irati Astondoa, Jokin Urretabizkaia 'Basozabal' eta Nerea Arruti. 14:30, Bazkari herrikoia, karpan. Menua: tomate entsalada, Gernikako piperrak, hegaluze mentreska parrillan, txuleta letxuga entsaladarekin, edariak, Ezeizako pasteltxoak eta kafea. Helduek 35 euro, 16 urtetik beherakoek 20 euro. 17:00, Toka txapelketa, Zubimusu kalea 5 atari parean. 17:00, Pañuelito lehiaketa, Ergobiko plazan. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Mozorro festa. Mozorro originalenak saria izango du, eta gauean jakinaraziko dute irabazlea. 19:30, Garazi abeslaria, 23:00, Zezensuzkoa. 23:30, Komerik musika taldea. 01:30, DJ Stefano Ghizzi, karpan. |