Auzotarren zirku berezia bueltan, jaiak agurtzeko

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 22a, 00:00

Ez du estreinako emanaldia izango Ergobiko zirkuak, aurtengoa. 2014ko ikuskizunekoa da argazkia.

Egitarau zabal bezain potoloari, ez diote nolanahiko bukaera ematen ergobitarrek, eta ederra prestatu dute aurtengo agurrerako ere: su artifizialak bota ondoren, Ergobiko zirkuaren emanaldia izango da asteleheneran, 23:15etan.

Ergobiko Jaiak ezagutzen ez dituena, harri eta zur geratuko da halako auzo txikiak hain programa zabala eta potentea osatzen duela ikusita. Eta ezingo du imajinatu, inondik inora, lau eguneko festa hain modu berezian bukatu dezaketenik. Tira, 'berezia' hitzaren ordez 'xelebrea' beharko luke aurreko esaldiak, ziurrenik...

Hiri eta herri nagusien estiloan, Ergobin su artifizialik ez da faltako aurten ere, astelehen gauean, 23:00etan hasita. Baina jaien agurrari saltsa jarriko diona, beste urte batez, auzotarren ikuskizun berezia izango da. Eta joan den urtean 'Ergobision' jaialdia eskaini ondoren, Ergobiko zirkua izango da bueltan aurten. Auzotarren 'trebeziaz' gozatu nahi duenak, izango du nahikoa aukera, 23:15etatik aurrera.

Auzotarren 'trebeziaz' gozatu nahi duenak, izango du nahikoa aukera...
 

2014ko emanaldiaren argaz­kiak berreskuratu ditugu artxi­botik, orduan ere eskaini baitzu­en ikuskizuna Ergobiko zirkuak. Pailazoak, trapezistak, malabaristak, magoak, 'bala' gizonak... Denetik izan zen duela 11 urteko saio hartan, adin guztietako par­tehartzaileekin. Aurtengorako zer prestatu duten ezin jakin, baina bertaratuek ondo pasako dutela, hori ziurtatuta dago.

Pailazo-malabaristak, 2014ko saioan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!