Aurten ere botako ote dituzte harri baldarren markak?

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 22a, 00:00

Maddi Gesalaga zarauztarra, 'Etxepazter' harriaren zirrikituak bilatzen, iazko jasoaldietako batean.

Puntako herri kirol saioak izango dira, beste urte batez, Ergobiko Jaietan: aizkolariak bihar, harrijasotzaileak etzi, eta idi-dema astelehenean. Joan den urtean errekorra bota zuten Zumetak eta 'Urra'k harri baldarren bi txapelketetan, eta maila gorenekoa izango da partehartzea berriro.

Herri kirolak gustuko dituenak, beharbada, gorriz markatuta izango ditu Ergobiko Jaiak. Izan ere, puntako saioak antolatu ohi dituzte urtero, eta aurtengoa ez da salbuespena izango. 

Aizkolariak izango dira plaza hartzen aurrenekoak, bihar eguerdian; eta bertan ariko dira momentuko bi aizkolari onenak, gizonezkoetan eta emakumezkoetan: Iker Vicente otsagabiarra (gaur jaien hasierako txupinazoa botako duena) eta Nerea Arruti urnietarra. Binakako proba mixtoa jokatuko dute, eta Jokin Urretabizkaia 'Basozabal' donostiarrak eta Irati Astondoa zeanuritarrak osatuko dute laukotea. Elkarrekin ariko dira Astondoa eta Vicente, batetik; eta Arruti eta 'Basozabal' bestetik. Lehia ederra espero da.

Txapelari eusteko faborito, Ainitze Zumeta eta Mikel Lopetegi 'Urra'

Harrijasotzaileek hartuko diete erreleboa igande arratsaldean, harri baldarren txapelketekin: gizonezkoak 11garrenez ariko dira 104 kiloko 'Harri Beltza'rekin, eta emakumezkoen lehiak laugarren edizioa izango du 55 kiloko 'Etxepazter' harriarekin.

Sei partehartzaile ariko dira, denak ere joan den urteko txapelketan aritutakoak. Iazko txapeldunak izango dira faborito aurtengoan ere: Ainitze Zumeta eta Mikel Lopetegi 'Urra' zarauztarrak nagusitu ziren, biak ere errekorra botata, 45 eta 55 jasoaldirekin, hurrenez hurren. Ez dizkiete lanak erraz jarriko beste lauek, ordea. Emakumezkoetan, bi herrikide izango ditu kontrario Zumetak. Maddi Gesalaga gazteak beste koxka bat egin nahi du gora (23 jasoaldi egin zituen 2023an, eta 38 iaz), Zumeta estu hartzeko; eta bere maila onena eman nahi du Lierni Osak ere, 2022an hain gertu izan zuen txapela janzteko.

Gizonezkoetan ere, kontrario gogorrak izango ditu 'Urra'k, bereziki Paulo Azpiazu. Bergararrak 52 jasoaldi egin zituen iaz, eta ezustekoa ematen saiatuko da aurten, 'Urra'ri behingoz txapela kentzeko: 'Harri Beltza'ren 10 txapelketetatik, bost irabazi ditu berak, azkeneko lauak segidan. Xabat Olaizola zarauztarrak osatuko du hirukotea. Duela bi urte estu hartu zuen 'Urra', 49 jasoaldirekin; baina iaz ezin izan zuen maila horretara iritsi (45). Faboritoari hortzak erakutsi nahiko dizkio berriro.

Asteleheneko idi-demak, 59garren edizioa

Ohi bezala, astelehenean borobilduko dute herri kirol programa ederra, idi-demarekin. Ergobiko Sari Handiaren 59garren edizioa jokatuko dute, eta hiru idi-pare ariko dira lehian, elkarren segidan: Igone Pagadizabalena, Inaxio Telleriarena eta Jexusmari Matxainena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!