Hemen dira Ergobi auzoko festak, eta Urumea bailarako herritarrek argi dute ez direla nolanahikoak. Bilboko eta Donostiako Aste Nagusien pare, Ergobiko jaietako egitarauak sekulako ekintzak presatzen ditu urtero, su artifizialak eta guzti! Aurten, beraz, ez dira gutxiago izango auzotarrak, eta esan bezala, ehunka jarduerarekin beteko dituzte gaurtik astelehenera bitartean Ergobiko txokoak.
Gaur arratsaldeko 17:00etan hasiko dira festak ofizialki, eta lan ederra jarrio diote Iker Vicenteri, bera izango baita txupina botako duena. Vicentek suziria bota bezain pronto hasiko dira haurren jolasak; hala nola, puzgarriak, apar festa... Lehenengo egunetik hasiko dira auzotarrak festa giroan murgiltzen izan ere, afari baten buletan biltzeko tarte ederra izango dute gaur 21:00etan, luma gorri oilasko jatearekin karpan. Gaueko 23:00ak aldera suzko zezena aterako da plazara, eta DJ Mikeltxik emango dio jarraipena gauari... nork daki noiz arte!
Bihar, auzotarren eta gazteen eguna ospatuko dute, eta goizean goizetik motorrak berotzen hasiko dira Ergobiko txikiak, Krossarekin. Goizeko 10:00etan izango da hori, eta ordu-erdi beranduago hasiko dira Padel 21 txapelketako finalak. Segidan tortilla patata txapelketak hartuko du erreleboa eta bazkariaren aurretik, aizkolarien proba mixtoaren erakustaldi ederra eskainiko dute Iker Vicentek, Jokin Basozabalek, Uratu Astondoak eta Nerea Arrutik.
Arratsaldean, toka txapelketa jokatuko dute, Zubimusu 5. kalearen beheko aldean eta ordu berean, txikientzat zapiaren jolasa antolatu dute. Era berean, antolatzaileek aditzera eman dute mozorro lehiaketa egongo dela: «mozorro originalarentzat saria egongo da». Iñularrean, Garazik kontzertu akustikoa eskainiko die auzotarrei, eta gauean zezen suzkoak hartuko du berriro lekukoa. Komerik musika taldea ere izango da oholtzan eta ordu txikitan, DJ Stefano Ghizzik karpan pintxatuko du.
Urterolez, Sagardo Eguna ospatuko dute igandez, eta meza nagusiarekin emango zaio hasiera egunari. 11:30etan, berriz, LXII. Sagardo lehiaketari emango zaio hasiera eta Astigarragako bailarako sagardogile guztiak izango dira gonbidatuak. Dastaketa Ergobiko plazan hasiko da 12:00etan.
Arratsaldean, harrijasotzaileen txapelketak hartuko du protagonismoa; alde batetik, Gizkonezkoen XI. Txapelketa jokatuko dute Paulo Azpiazuk, Mikel Loitegi 'Urra'k eta Xabat Olaizolak; eta bestetik, Emakumezkoen IV. edizioan, protagonista izango dira, Ainitze Zumeta, Maddi Gesalaga eta Lierni Osa. Egunak jarraipena izango du gaueko ekintzekin: zezen suzkoa, zaldi proba eta musika.
Azken egunean, baserritarrak jarriko dituzte erdigunean, ekintza mordoxkarekin. Goizeko Idi-demak hartuko du Ergobiko plaza, eta eguerdian, bazkari eder baten bueltan elkartuko dira auzotarrak, Arratsaldean, musikarik ez da faltako Kita del Pare txarangarekin eta eztarriak frexkatzeko, Leizuriko izkozkiak dastatzeko aukera paregabea izango dute bertaratzen direnek. Segidan danbor hotsen erritmoarekin, zezen suzkoarekin, su artifizialekin eta Ergobiko zirkoarekin jaiei amaiera emango diete.