Ergobin Jaiak etzi lehertuko dira, astelehenera arte

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 20a, 00:00

Jendetza biltzen da Sagardo Egunean, Ergobiko plazan, sagardo lehiaketaz eta dastaketaz gozatzeko.

Haurren Egunarekin hasiko dira ostiralean, eta lau egunetarako egitarau ikusgarria prestatu dute auzotarrek, beste urte betez.

Goizuetako Ama Birjin jaiak amaitu dira, baina hemendik aurrera eta urrira arte, etenik gabe, bailarako auzo ezberdine­tako festak ospatuko dira. Lehenak, eta beharbada ikusgarrienak, Ergobiko Jaiak izaten dira. Herri gehienetako baino programa potoloagoa prestatzen dute Ergobin, eta aurtengo jaiei etzi emango diete hasiera, Haurren Egunarekin. Lau egunez luzatuko dira, astelehenera bitarte, eta urtero bezala egitarau ederra prestatu dute.

Larunbatean, Auzotarren eta Gazteen Eguna ospatuko dute, eta kirolak leku berezia izango du. Kros txikia, padel txapelketa eta aizkolarien erakustaldi mistoa daude iragarrita. Aizkolarien artean izango da, besteak beste, Iker Vicente txapelduna.

Sagardo lehiaketa eta harrijasotze txapelketak, igandeko Sagardo Egunean

Festen egun haundia igandeko Sagardo Eguna izaten da. Sagardo lehiaketak 61garren edizioa du aurtengoa, ez da marka makala! Arratsaldean, berriz, harri baldarren txapelketak jokatuko dira: Ergobiko 104 kiloko 'Harri Beltza'rekin eta 55 kiloko 'Etxepazter' harriarekin lehiatuko dira harrijasotzaileak. 'Urra', Azpiazu, Ainitze Zumeta... Onenak izango dira bertan. Jaiak astelehenean amaituko dira, idi demarekin zein su artifizialekin, besteak beste.

 

ERGOBIKO JAIEN EGITARAUA

ABUZTUAK 22, Haurren Eguna

14:00, Asier Acinas III. Futbol 4x4 Txapelketaren finalak, Bidebitarte poligonoko kantxan.

17:00, Jaien hasiera ofiziala, txupinazoarekin. Haur jolasak, puzgarriak, apar festa DJ Mikeltxirekin, eta txokolatada txurroekin.

21:00, Luma Gorri oilasko jatea, karpan: ensalada mixtoa, oilaskoa parrillan, gazta, intxaurrak, irasagarra edaria eta kafea. Helduek 25 euro, 16 urtetik beherako gazteek 12 euro.

23:00, Zezensuzkoa

23:30, DJ Mikeltxi, karpan.

ABUZTUAK 23, Auzotarren eta Gazteen Eguna

10:00, Kros txikia, Andre Gobadarien ibai parkean.

10:30, Padel Txapelketaren finalak, Padel 21 Astigarraga aretoan. Sariak arratsaldean banatuko dituzte, Ergobiko plazan. 

11:00, Tortilla txapelketa. Partehartzaileek goizeko 11:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte etxean egindako tortillak. 

11:00, Pasai txarangaren aurkezpena. 

12:00, Aizkolariak. Proba mixtoa: Iker Vicente, Jokin Basozabal, Irati Astondoa eta Nerea Arruti ariko dira lanean.

14:30, Bazkari herrikoia, karpan. Menua: tomate entsalada, Gernikako piperrak, hegaluze mentreska parrillan, txuleta letxuga entsaladarekin, edariak, Ezeizako pasteltxoak eta kafea. Helduek 35 euro, 16 urtetik beherakoek 20 euro. 

17:00, Toka txapelketaren hasiera. Izenematea, bertan. 

17:00, Pañuelito lehiaketa, Ergobiko plazan. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Mozorro festa. Mozorro originalenak saria izango du, eta gauean jakinaraziko dute irabazlea. 

19:30, Garazi abeslaria, plazan. 

23:00, Zezensuzkoa. 

23:30, Komerik musika taldea. 

01:30, DJ Stefano Ghizzi, karpan.

ABUZTUAK 24, Sagardo Eguna

10:30, Meza Nagusia Astigarragako Andre Maria parroki elizan, auzoko hildakoen oroimenez. 

11:30, LXI. Sagardo Lehiaketa. Astigarragako sagardogile guztiak izango dira gonbidatuak. Dastaketa eguerdiko 12:00etan hasiko da plazan, eta nahi adina sagardo eta pintxo izango da hurbiltzen diren guztientzat. 

17:30, Harrijasotzaileak: Gizonezkoen X. Txapelketa, Ergobiko 104 kiloko 'Harri Beltza'rekin; eta Emakumezkoen III. Txapelketa, 55 kiloko 'Etxepazter' harriarekin. Partehartzaileak: Paulo Azpiazu, Ainitze Zumeta, Maddi Gesalaga, Mikel Lopetegi 'Urra', Lierni Osa eta Xabat Olaizola.

19:00, Jaietan parte hartuko duten idien pisaketa, plazan.

19:30, Matraka elektrotxaranga.

21:00, Afaria, karpan. Menua: entsalada errusiarra, langostinoak, txerri kostilla, edariak, limoi sorbetea, torrijak natillekin eta kafea. Helduek 30 euro, 16 urtetik beherakoek 15 euro. Afalostean, Izer eta Alabier. 

23:00, Zezensuzkoa. 

00:30, DJ Eto, karpan.

ABUZTUAK 25, Baserritarren Eguna

11:00, Idi-dema: LVIII. Ergobiko Sari Handia. Hiru partehartzaile ariko dira lehian: Matxain, Pagadizabal eta Telleria.

14:30, Bazkari ofiziala. Menua: fritoak, iberiko sorta, zapoa plantxan, solomilloa letxuga entsaladarekin, edariak, Goxua eta kafea. Helduek 30 euro, 16 urtetik beherakoek 20 euro. 

16:30, Kita Del Pare txaranga.

18:30, Leizuriren izozkiak banatuko dira.

19:30, Ergobiko haur eta helduen danborrada. 

22:30, Zezensuzkoa. 

23:00, Su artifizialak. 

23:15, Jaiak bukatzeko, Ergobiko zirkoa.

*Bazkari eta afari guztietarako helduen tiket bonoa 115 euroan dago salgai, txoznan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!