Gaur ospatuko dute Santiomendin jaietako egun haundia. Atzo II. Mus Txapelketan elkartu ziren ermitaren ondoan jarritako karpan, eta dianarekin ekingo diote gaurko egunari.
Goizean tortilla eta sagardo lehiaketa hasten denean elkartuko da jendea, eta ordutik aurrera jarduera erakargarri ugari izango dira aukeran. 12:00etan Zerainen eta Mixiyuaren arteko zaldi dema egingo dute, eta 14:00etan Larrarte sagardotegira lekualdatuko dira, bazkari herrikoiaz gozatzeko.
Arratsaldean haur txokoa eta puzgarriak jarriko dituzte haurrentzat, eta helduek taldekako herri kirol desafioaz gozatzeko aukera izango dute. Santiomendi inguruko zortzi gazte arituko dira nor baino nor, txingan, aizkoran, korrika eta harrijasotzen. Tartean maila haundiko herrikirolariak izango dira.
Arratsaldeko kirol saioaren ondoren, gauaz gozatzea besterik ez da geratuko. Trikitilariek girotutako afaria egingo dute lehenbizi, eta 23:00etan Astigarragako 3ttu taldearen kontzertua izango da.
Egunsentia ikusteko leku ederra da Santiomendi, eta askok hori aprobetxatuko dute ziurrenik.
10:00 Diana. 11:00 Tortilla eta sagardo lehiaketa. 12:00 Zaldi dema: Zerain eta Mixiyua. 14:00 Bazkari herrikoia Larrarte sagardotegian. Lekua erreserbatzeko deitu ondorengo telefonoetara: 943 55 56 47 edo 679 12 38 92. 18:00 Haur txokoa, jolasak eta puzgarriak. 18:00 Taldekako herri kirol desafioa: Aizkoran, Korrika, Harri jasotzen eta Txingetan. Parte hartzaileak: Ander Altuna, Zihara Irazustabarrena, Jokin Urretabizkaia, Julen Gabirondo, Maddi Gesalaga, Goizeder Abendibar, Ilargi Goikoetxea eta Beñat Telleria. 19:30 Toka Txapelketa. 21:30 Afari herrikoia trikitilariek alaiturik. 23:00 Astigarragako 3ttu taldearen kontzertua. |