Egun osoko egitarauarekin, ostiralean ospatuko dituzte Santio Mendiko Jaiak

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 11a, 00:00

Sagardorik behintzat ez da faltako Santio Mendin!

Jai egunaren aurretik, II. Mus Txapelketa jokatuko dute bezperan. Izen ematea 21:30etan zabalduko dute.

Ostiral honetan ospatuko dituzte, egun osoko egitarauarekin, Santio Mendiko Jaiak. Jarduera ugari prestatu dituzte abuztuaren 15erako, eta egun ederra pasatzeko aukera izango dute bertaratzen diren herritarrek.

Iaz egin bezala, bezperan hasiko dira motorrak berotzen. II. Santio Mendiko Jaietako Mus Txapelketa jokatuko dute ostegun gauean, Ermitan kokatutako karpan. Izenematea egunean bertan egingo dute, iluntzeko 21:30etan; txapelketa hasi baino orduerdi lehenago, alegia.

Egun haundia, ordea, ostiralekoa izango da. Dianarekin eta tortila eta sagardo lehiaketarekin hasiko dute eguna; eta jarraian Zerainen eta Mixiyuaren arteko zaldi dema ikusteko aukera izango da.

Larrarteko herri bazkarian indarrak berreskuratuta, taldekako herri kirol desafioa eta txoka txapelketa izango dituzte arratsaldean. Santio Mendi inguruko zortzi gazterekin osatuko dituzte herri kiroletako taldeak, eta harri jasotzen, aizkoran, korrika eta txingetan aritu beharko dute.

Gauean, bapo afaldu ondoren, Astigarragako 3ttu erromeria taldeak girotuko du dantzaldia. Askorentzat eguna Santio Mendin argituko da, bista ederrekin gozatuko dute egunsentiaz.

 

ABUZTUAK 14

22:00 II. Santiomendiko Jaietako Mus Txapelketa. Izen ematea 21:30etan irekiko da. Ermitako karpan.

ABUZTUAK 15

10:00 Diana.

11:00 Tortilla eta sagardo lehiaketa.

12:00 Zaldi dema: Zerain eta Mixiyua.

14:00 Bazkari herrikoia Larrarte sagardotegian. Lekua erreserbatzeko deitu ondorengo telefonoetara: 943 55 56 47 edo 679 12 38 92.

18:00 Haur txokoa, jolasak eta puzgarriak.

18:00 Taldekako herri kirol desafioa: Aizkoran, Korrika, Harri jasotzen eta Txingetan.

Parte hartzaileak: Ander Altuna, Zihara Irazustabarrena, Jokin Urretabizkaia, Julen Gabirondo, Maddi Gesalaga, Goizeder Abendibar, Ilargi Goikoetxea eta Beñat Telleria.

19:30 Toka Txapelketa.

21:30 Afari herrikoia trikitilariek alaiturik.

21:00 Astigarragako 3ttu taldearen kontzertua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!