Indarkeria matxista gaitzesteko adierazpena, Astigarragako Udalak

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 11a, 00:00

Jaietan indarkeria-kasuak koordinatzeko mahaiak bere gaitzespen irmoena azaldu nahi du, besteak beste.

Astigarragako Udalak 'Astigarraga.eus' webgunean indarkeria matxista gaitzesteko adierazpena elkarbanatu du, duela egun gutxi. Udalaren arabera, «Santio jaietan bi eraso matxista gertatu direla dioen mezu anonimoa argitaratu da sare sozialetan». Horregatik, jaietan indarkeria-kasuak koordinatzeko mahaiak bere «gaitzespen irmoena» azaldu nahi izan du: «edozein eraso matxistaren edo indarkeria matxistaren edozein zantzuren aurrean», eta era berean, elkartasuna adierazi nahi diete indarkeria matxistaren biktimei eta biktimen senide eta hurbilekoei.

«Emakumeen aurkako indarkeria matxista emakume guztiak diskriminatzen dituen emakumeen eta gizonen arteko botere-harreman desberdinen adierazpena da eta desberdintasun hori iraunarazteko funtzio soziala», duela azaldu du Udalak, eta era berean, ondorengoa gogorarazi nahi du Astigarragako Udalak: «emakumeen kontrako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria dela, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina».

Gertakariak erdigunera ekarriz, sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dutela dio Udalak, «etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia». Horrenbestez, herritarrei gogorarazi nahi die «edozein indarkeria egoeraren aurrean» Udal zerbitzuetara edota Emakumeon Etxera jo dezaketela, ondorengo telefonotara deituta, edota idatziz:

Herritarrei gogoratu nahi diegu edozein indarkeria egoeraren aurrean Udal zerbitzutara edo Emakumeon Etxera jo dezaketela. Azpiko taulan daude harremanetarako bideak.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!