Eneko Otaño Gipuzkoako txapeldun, Astigarragako Santa Ana eguneko festan

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 26a, 20:28

Foru Plazan jokatu da lehenengo mailako Gipuzkoako Aizkolarien Txapelketa, eta Eneko Otaño nagusitu da, Mikel Larrañagaren aurretik, tarte txikiarekin.

Egun haundia izan da gaurkoa Astigarragako Foru Plazan, Santa Ana eguneko ospakizunekin. Eta hori guztia borobiltzeko, maila goreneko herri kirol saioa izan da arratsaldean: lehenengo mailako Gipuzkoako Aizkolari Txapelketa jokatu da bertan. Ikuskizun paregabea eskaini dute punta-puntako aizkolariek, eta Eneko Otaño nagusitu da azkenean.

Oso berdinduta ekin diote sei aizkolariek, 10 enbor mozteko lanari; baina laster hartu dute tartetxoa Julen Alberdi 'Txikia IV.'ak eta Mikel Larrañagak. Lan gogorrenekin hastean, ordea, parera etorri zaie Eneko Otaño, eta baita aurrea hartu ere, enbor xamurragoekin hasi direnean. Larrañagak bakarrik eutsi ahal izan dio segundu gutxira, eta horrela iritsi dira azkeneko bi enborretara, baina lortutako abantailari eutsi eta txapela jantzi du Otañok, den-dena emanda eta erabat indar hustuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!