Santiotako jaien barruan Santa Ana egunez, bihar 18:00etan Astigarragako Foru Plazan, Lehenengo mailako Gipuzkoako Aizkolari Txapelketa jokatuko da. Aizkolari munduan dagoen txapelik garrantzitsuenetakoa da eta Gipuzkoako aizkolaririk onenak arituko dira txapelaren bila.
Julen Alberdi 'Txikia IV'.a, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugertza, Eneko Otaño, Jokin Urretabizkaia 'Basozabal' eta Xabier Zaldua lehiatuko dira nor baino nor gehiago. Egin beharreko lana betikoa izango da, hau da: Bi oinbiko, lau 60 ontzako enbor eta lau kanaerdiko moztu beharko dituzte. Euskal Herriko txapelketa nagusian izaten den lanaren antzekoa, baino bi oinbiko gutxiago ebakita.
Urte askotan Mendaron jokatu izan da txapelketa hau eta azken bi edizioetan Julen Alberdi 'Txikia IV'.a izan zen txapelduna. Aurretik ere txapela jantzi zuen 2019an eta 2023an. Mikel Larrañagak lau aldiz jantzi du Gipuzkoako txapela: 2014, 2016, 2021 eta 2022. Ugaitz Mugertzak ere irabazi zuen txapela 2018an.
Lehia estua espero da Txikia eta Larrañagaren artean.