Eneko Olveira bosgarren, Espainiako Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 24a, 00:00

Eneko Olveira, Bazan.

Podiumaren lehian izan zen astigartarra, azkeneko itzulira arte; eta ondo borobildu du denboraldi bikaina.

Erremate polita jarri zion Eneko Olveira astigartarrak, joan den asteburuan, mendiko bizikletako denboraldiari. Bosgarren sailkatu zen Espainiako Txapelketan, 23 urtez azpikoen proban, lasterketa osoan zehar podiumaren lehian izan ondoren.

Bi txirrindulari nabarmendu ziren hasieratik, Thibaut François eta Aniol Morell; eta haien atzetik, beste bost ziklista aritu ziren podiumeko hirugarren postuaren lehian. Bosgarren postu inguruan kokatu zen Olveira, eta ia uneoro izan zen bakarrik, aurreko taldetxotik segundu batzuetara, amore eman gabe. Gainera, Morell erori egin zen azkenaurreko itzulian, eta horrek podiumeko beste plaza bat jarri zuen jokoan. Hirugarrenetik 20 segundura hasi zuen azkeneko itzulia astigartarrak, baina ezin izan zion aurrekoen erritmoari eutsi, eta bosgarren bukatu zuen, Françoisen, Alejandro Garcíaren, Francesc Barberren eta Hugo Francoren atzetik.

Igandean izan zen hori, eta lehenago, ostiralean, taldekako errelebo proba jokatu zuen Olveirak, Euskadiko selekzioarekin. Laugarren bukatu zuten, podiumetik apenas 8 segundura. Astigartarrak berak egin zuen azkeneko erreleboa, eta 33 segundu kendu zizkion Valentziako selekzioari, baina ez zen nahikoa izan.

Emaitza horiekin, denboraldi bikaina borobildu du Eneko Olveirak; bere aurrenekoa 23 urtez azpikoetan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!