Azken urteetan asko hazi eta aldatu da Astigarraga. Biztanleriaren hazkundearen eraginez, zerbitzu berri ugari jarri dituzte martxan, eta herriko zenbait gune egokitu behar izan dituzte. Bide horretan, herria hobetzen jarraitzeko nahia azaldu du Astigarragako Udalak, eta dinamika birtual berri bat jarriko du martxan.
Izan ere, bihar eta uztailaren 26an etorkizuneko Astigarraga irudikatzeko aukera izango dute 18 urtetik gorako herritarrek. «Esperientzia birtual honek teknologia eta irudimena uztartuko ditu, bertaratzen direnek beren begiekin ikus dezaten herriaren bilakaera posiblea», gehitu dute Udaletik.
Lehenengo saioa hilaren 24an izango da, arratsaldeko 16:00etan eta bi orduko iraupena izango du 18:00ak arte; bigarrena, berriz, 26an egingo dute, eguerdiko 13:00etatik aurrera, ordu t'erdiz, 14:30ak arte. Bi saioak Joseba Barandiaran plazan izango dira. Jarduera doakok izango dira eta herritar guztiek izango dute parte hartzeko aukera.
Eider Alonso eta Asier Saralegik irudikatu dute jada nolakoa izan daitekeen biharko Astigarraga, eta orain, herritarren txanda da. «Astigarragak etorkizunera begira jarri nahi du; eta zuk, nola ikusten duzu?».