Astigartarren artean inork energia sobera badu, horiek haur eta gaztetxoak izango dira. Horregatik ez da harritzekoa, beste behin, haiek hastea Santioak gainerako guztiek baino askoz ere lehenago. Pentsa, Astigarrek 19:00etan txupinazoa botatzerako, ederki aprobetxatua izango dute eguna! Eguerdian txupinazo txikia botako dute, bazkaria egingo dute elkarrekin, 'Gora bihotzak' emanaldiaz gozatu eta txokolatea jan. Eta zazpietako txupinazoaren ondoren, indarrik ez dute faltako buruhaundien aurretik korrika egiteko.
Eta horrelaxe izango da igandera arte, bost eguneko bidaia koloretsua eta alaia izango baita jaietakoa haientzat. Frexkotik joko dute bihar, apar festarekin eta ur parkearekin; eta kantari ariko dira etzi, karaokean.
Larunbatean, berriz, bisita berezia jasoko dute eguerdian, Iruñeko Buztintxuri konpartsako erraldoi eta kilikiak ibiliko baitira kalejiran, Astigarragako erraldoiekin batera. Eta arratsaldean, Zapotxin pailazo hernaniarraren emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute Kontxa Etxeberria plazan.
Igandean, berriz, orientatzeko abilezia jarri beharko dute praktikan. Izan ere, laberinto erraldoia prestatuko dute Kontxa Etxeberria plazan edo Herri Eskolako atarian, eta adin guztietako herritarrek izango dute bertara sartzeko aukera... ateratzea lortzeko esperantzarekin. Goizean eta arratsaldean izango da martxan, hiruna orduz.
Eta beste urte batez, korrika bukatuko dituzte festak herriko gaztetxoek, Kale Nagusian barrena txispak ateratzen ariko baita zezensuzkoa, igande gauean.