Santio eta Santa Ana egunak, beti bereziak jaietan

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 23a, 00:00

Euskal dantzen emanaldia eskainiko dute Astigar taldeko kideek, beste behin, Santio egunez.

Tradizioari eutsiz, ohiko dantza, ospakizun eta ekintzak izango dira herriko bi egun seinalatuetan.

 

Gorriz markatuta daude biak, egutegian ez ezik, baita Astigarragako kulturaren eta tradizioaren agendan ere. Santio eta Santa Ana egunak beti dira bereziak, eta halakoak izango dira aurtengoak ere, berritasun deigarrien beharrik gabe. Ohiko dantza, ekintza eta ospakizunek jantziko dituzte bi egun seinalatuak.

Horrela, Txirrisklako txistularien dianak esnatuko du Santio eguna, eta udalbatzaren Soka Dantza izango da eguerdian, Foru Plazan. Dantzak izango dira protagonista, eguneko beste bi unetan ere, ohi bezala: arratsaldean, euskal dantzen erakustaldia eskainiko du Astigar taldeak Txomiñenen; eta gauerdian, Larrain Dantza herrikoia izango da, Foru Plazatik abiatuta. Gainera, ostiralean bertan egingo dute idien pisaketa, Santa Ana eguneko demarako.

Txistu doinuekin ez, zintzarrien hotsarekin hasiko dute Santa Ana eguna astigartarrek, kalez kale abiatuko baitira Zubietako joaldunak goizean. Izer eta Alabier trikitilariek ere jarriko diote giroa goizari, Foru Plazako azoka hasi aurretik: sagardo dastaketa, Lekunberriko artisauen postuak eta baserrigintzako lanen erakusketa izango dira bertan, 11:30etatik aurrera.

Eguerdian hasiko da idi-dema, eta 2.000 kiloko harriari tiraka ariko dira idi pareak, Foru Plazako probalekuan. Haiek harria bezalaxe astinduko dute mingaina Aitor Mendiluze eta Joanes Illarregi bertsolariek, lehiari umorea gehitzeko.

Eta arratsaldean ere izango da herri kirolik. Gipuzkoako lehenengo mailako aizkolarien txapelketa jokatuko da Foru Plazan bertan, eta trontza desafio polita ere egingo dute: Astigarragako eta Lezoko gazte koadrila bana ariko dira aurrez aurre, herrien arteko lehian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!