Doinu goxoak eta gogorrak, lasaiak eta biziak, alaiak eta zalapartatsuak. Denetik izango dute aurtengo Santioek ere, gustu guztietako musikazaleek izan dezaten bere gozamenerako unea, herriko txoko ezberdinetan.
Hiru izango dira emanaldien gune nagusiak: Joseba Barandiaran plaza, Gazte Asanbladaren txosna eta Kontxa Etxeberria plaza. Aurreneko bietan, gauero izango dira kontzertuak. Joseba Barandiaranen, ez da nolanahikoa etorriko den musikari eta talde sorta. Akerbeltz erromeria taldeak girotuko du estreinako gaua; XSakara rap abeslariak eta Marte Lasarte euskal rock taldeak jarriko dute martxa bihar; Kresala taldearen 30garren urteurreneko kontzertua izango da etzi; Janus Lesterrek hartuko du protagonismoa larunbat gauean; eta saio bikoitzarekin itxiko ditu jaiak Itzal taldeak, igandean.
Txosnan ere, gauero izango da musika: 3TTu erromeria taldea, Ofensa B2B eta Gordas Pinponeras; Txiskeroak taldea eta DJ Biki; Micosis eta Mala Ruina; Garazi, Arrixku eta DJ Primikass; eta Bueltaxka On Tour taldea. Karaokearekin bukatuko dituzte Santioak bertan.