Danborradak gauez girotuko ditu herriko kaleak, aurten aurrenekoz

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 23a, 00:00

Giro ederra izaten da urtero Santiotako herri danborradan.

Gaueko 23:30etan hasi, eta goizaldeko 02:00ak arte arituko dira herriko kaleak danbor hotsez alaitzen, Pasai txarangarekin. Ordutegi aldaketak berekin zekarren partehartzea jaisteko arriskua, baina 80 laguneko kupoa bete dute.

Sekulako martxa jarri du herri danborradak Santio Jaietan, 2019an ekin zionetik; eta halaxe egingo du aurtengoan ere. Aldaketa nabarmenarekin dator, ordea: arratsaldez beharrean, gauez aterako dira kalera oraingoan. «Jaietako agenda ikusita, iruditu zitzaigun gauez egitea zela egokiena, baina ez genekien zer nolako harrera izango zuen. Aldaketa gehientsuenekin gertatzen den moduan, danborrada gauez izatera pasatzeak ere eragingo du herritar batzuen ohituretan, noski», azaldu dute antolatzaileek. 

Ordutegi aldaketak berekin zekarren partehartzaile kopurua jaisteko arriskua, baina jendetsua izango da danborrada, beste urte batez: 80 laguneko kupoa bete dute.

Gauzak horrela, koadrila ederra abiatuko da bihar gauean, 23:30etan, Foru Plazatik. Pasai txaranga izango dute lagun, eta goizaldeko 02:00ak arte girotuko dituzte herriko kaleak eta plazak. Santio Zeharra kaletik jaitsi, eta Kale Nagusitik aurrera egingo dute, «giroa sor genezakeen txokoen bila». Sagardo plazan egingo dute saioa, eta txosna gunera eta Emakumeon plazara hurbilduko dira. Ondoren, Donostia ibilbidean barrena abiatuko dira, Erriberara bidean: kulturgunearen aurrean bukatuko dute kale buelta.

Ibilbide luze horretan, makina bat doinu joko dituzte: 'Aupa gizonak', 'Debako martxa', 'Gau ibilera', 'Kalera kalera'...

Denek ondo pasatzea da helburua, «jai herrikoi eta alaia izateko» sortu baitzuten herri danborrada duela sei urte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!