Astigarraga asko hazi da azken urteetan, eta hazkunde horrek haur gehiago ekarri ditu herrira. Azken ikasturteetan horixe nabaritu dute Haurreskolako matrikulazioan, eta plaza eskaerari eta eskaintzari erreparatuta, lokal berri bat martxan jartzeko premia ikusi du Udalak.
«Azken urteotan herrian izaten ari den jaiotza tasa altuagatik, batetik, eta haurreskolen doakotasuna tarteko, bestetik, matrikulazio kopuruak gora egin du nabarmen. Hainbat familia plazarik gabe geratu izan da», azaldu dute Udaletik.
Egoera horren aurrean, Nabarra Oñatz 5eko lokala egokitzeko lanak hasi ditu Astigarragako Udalak, ondoren Haurreskolak Partzuergoari uzteko. Modu honetan, Hezkuntza Sailaren onarpena jaso ondoren, Partzuergoaren esku geratuko da kudeaketa, «herriko familien beharrak asetu eta 2025-2026 ikasturteari begira ezohiko plaza gehiago sortzeko asmoz».
32.827 euroko aurrekontua, lokala atontzeko
Orain hasi berri diren lanak egiteko, 32.827,14 euroko aurrekontua du Astigarragako Udalak. Ipuru SL enpresaren esku geratu da obra, eta, aurreikuspenen arabera, abuztuaren azken astean amaituko dituzte. «Akabera lanak egingo dira, sukalde txiki bat ere jarriko da, eta, amaitzeko, erremate batzuk egingo dira».
Obrak amaitzen diren momentuan emango du Astigarragako Udalak hurrengo pausoei buruzko informazio gehiago.