'100 eta 100, 50!' Santio Jaietako preludio berezia egingo dute gaur Foru plazan

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 19a, 00:00

Itxura ederra hartuko du Foru plazak gaur gauean. Argazkia: Astigar elkartea.

Gaueko 22:30etan hasiko da Santio Jaietako preludioa. Astigar elkartearen 50. urteurrena izango da emanaldiaren oinarria, eta herriko eragile ugarik hartuko dute parte.

Herriko eragileen artean saretu, emanaldi bat prestatu eta Santio Jaien bezperan oholtzaratu. Horixe da '100 eta 100, 50!' preludioak jarraitu duen haria, antolakuntza lanak dakartzan korapilo guztiak askatuta. Gaur iluntzean 150 astigartar inguru igoko dira Foru plazako oholtza haundira, azken hilabeteetan zehar landutakoa herritarren aurrean aurkeztera. 

Astigar elkartearen 50. urteurrena izango da preludioaren oinarria. Sortu zenetik gaur egun arte bizitakoa aletuko dute sei ataletan bereizita, eta bakoitzean herriko eragile eta kulturgile ezberdinek hartuko dute parte. Ondorengo sei ataletan bereizi dute gaurko emanaldia: Astigarraga herriaren aldarrikapena; Astigarragan euskaraz; Hitzen indarra, aldizkaria; Herriaren berreskuraketa; Aisialdi garaia; eta Belaunaldien arteko transmisioa. 

Pasa den astean egindako dokumentalaren aurkezpenean argi geratu zen Astigar elkarteak herrian izan duen eta duen eragina. Pertsona ugarik hartu dute parte Astigarrek antolatutako jardueretan, eta horixe islatuko da gaurkoan. 

Gaueko 22:30etan hasiko da emanaldia. 

Beste zenbait jarduera izango dira gaurko egunez

Festa giroa pixkanaka iristen ari da Astigarragara ere. Santioak ate joka dauden honetan, preludioa ez da eguneko jarduera bakarra izango. Goizetik hasi eta iluntzera arte non gozatua izango dute astigartarrek: 11:00etan 11 eta 17 urte bitartekoen pala eta esku pelota txapelketa jokatuko dute Txomiñenen, eta arratsaldean Funcional Hybrid saioa, Pala Txapelketa nagusiko finala eta sardina jatea izango dira.

Bihar eta etzi ere kirolarekin lotutako zenbait ekintza izango dira herrian.

 

SANTIOEN AURREKO JARDUERAK

ASTIGARRAGA

GAUR

11:00 Pelota-Pala Txapelketa 11-17 urtekoentzat. Gaztelekuak eta Mundarrok antolatuta. Txomiñenen. 

17:30 Funcional Hybrid training saioa, 16 urtetik gorakoentzat. Izen ematea kiroldegian uztailaren 17ra arte. Kontxa Etxeberria plazan. 

18:00 Santio Jaietako Pala Txapelketako finala. Mundarrok antolatuta. Txomiñenen. 

19:00 Sardina Jatea. Aurrera txuri-urdinak elkarteak antolatuta. Emakumeon plazan. 

22:30 Jai atariko emanaldia, Astigar elkarteak antolatuta. 150 herritar inguruk hartuko dute parte. Gonbidapenak eskuragarri Udalaren webgunean. Foru plazan. 

BIHAR

11:00 Herri kirol jokoak, 3-11 urte bitarteko haurrentzat. Kontxa Etxeberria plazan. 

11:30 Txirrindulari igoera herrikoia Santiagomendira. Joseba Barandiaran plazatik abiatuta. 

ETZI

17:00 Haurrentzako futbola kalean, 5-11 urte bitarteko haurrentzat. Foru plazan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!