Maila ederreko esku pelota partiduekin hasiko da Santio Jaietako beroketa, gaur arratsaldean. Santiotako Txapelketaren semifinalak jokatuko dituzte Txomiñenen, arratsaldeko 19:00etan hasita; eta bi astigartar izango dira partehartzaileen artean. Aurreneko semifinalean, Xabier Barandiaranek jokatuko du, Olidenekin batera, Alberdiren eta Aizpururen kontra. Eta bigarrenean, Eñaut Lizeaga ariko da, Elizegirekin, Etxeberria eta Santesteban kontrario dituztela.
Jardunaldi kaxkarra izan zen final laurdenetakoa, joan den igandean, Urumea bailarako pelotarientzat. Izan ere, Beñat Apezetxea goizuetarrak eta Oier Gurutzealde astigartarrak galdu egin zuten elkarrekin, Etxeberriaren eta Santestebanen kontra (14-22); eta porrota jaso zuen Xabi Apaolaza hernaniarrak ere, Sotilekin batera, Alberdiren eta Aizpururen aurrean (15-22).
Partidu ederrak izan ziren haiek, eta halakoak espero dira gaurkoak ere. Bi bikote irabazleek, uztailaren 26an jokatuko dute finala, 19:00etan Txomiñenen.
Preludioa, pala txapelketak eta sardin jatea, biharkoan
Bihar jarraituko du Santio Jaietarako beroketak, eta oso egun potentea izango da gainera. Hasteko, 11-17 urtekoen pala txapelketa jokatuko dute, 11:00etan Txomiñenen. Ondoren, funcional hybrid training saioa eskainiko du Denontzat gimnasioak, 17:30etan Kontxa Etxeberria plazan. Santiotako Pala Txapelketaren finalak ere jokatuko dituzte bihar, 18:00etan Txomiñenen; eta sardin jatea egingo dute 19:00etan, Emakumeon Plazan.
Gauean izango da eguneko ekitaldi bereziena: Preludioa eskainiko dute 150 bat herritarrek, 22:30etan Foru Plazan. Astigar elkarteak antolatu du, 50garren urteurreneko ospakizunen barruan, jaiei ongietorria emateko.
Igandean, berriz, haurrentzako herri kirol jokoak izango dira 11:00etan, Kontxa Etxeberria plazan; eta Santiomendira Igoera jokatuko da 11:30etan hasita. Joseba Barandiaran plazatik abiatuko dira txirrindulariak: aurrena infantil, kadete eta junior mailetakoak ariko dira, eta 12:00etatik aurrera helduak.