Ate joka daude Astigarragako Santioak, herritar guztiek gozatzeko programarekin

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 15a, 00:00

Jai Batzordeko kideak, Santio Jaietako kartelarekin eta elementu bereizgarriekin. Argazkia: Itxaso Pérez

Uztailaren 23tik 27ra izango dira Santio Jaiak, eta beroketa ederrarekin iritsiko dira astigartarrak festetara. Astigar elkarteak botako du txupinazoa, eta Preludioa ere eskainiko du aurretik, larunbat honetan, gaueko 22:30etan.

Haur, gazte eta heldu, denek izango dute festa giroan murgiltzeko aukera, datorren astean. Uztailaren 23an lehertuko dira Santio Jaiak Astigarragan, eta adin eta gustu guztietako herritarrek gozatzeko moduko programa izango dute, hilaren 27ra bitarte, bost egunez. Egitarauaren aberastasun horretan, zeresan haundia dauka ekintza gehienak herriko elkarte eta taldeek antolatzeak, eta haiei guztiei eskerrak eman zizkien atzo Xabier Urdangarin alkateak, jaien aurkezpenean.

Naroa Del Orden zinegotziak eman zituen jaien xehetasunak. Astigar elkarteak botako du txupinazoa, asteazken arratsaldean, bere 50 urteko ibilbidearen omenaldi gisa. 

Preludiorako gonbidapenak, gaurtik eskuragarri

Gainera, beste hitzordu berezi bat ere jarri du Astigar elkarteak berak, jaien aurretik: Preludio emanaldia eskainiko du larunbat honetan, uztailaren 19an, gaueko 22:30etan Foru Plazan. Eguraldi txarra eginez gero, kiroldegira mugituko dute. Horregatik, doako gonbidapena eskuratu beharko da aldez aurretik, bereziki saioa kiroldegian egin behar izatekotan. Gaurtik aurrera eskuratu daitezke, astigarraga.eus webgunean edo goizez Erriberan.

Urte askoren ondoren berreskuratuko dute Preludioa. Thierry Biskaryk zuzenduko du, eta 150 herritarrek hartuko dute parte: antzezleak, bertsolariak, kantu taldea, KDP txaranga, eta Aiztondo, Astigar, Eragiyok, Goldea, Norberto Almandoz Musika Eskola eta Txirrisklako kideak.

Preludioaz gain, beste hainbat jarduera eta ikuskizun izango dira ostiraletik astelehenera bitartean, jaien beroketa gisa. Atzo hasi ziren Santio Jaietako egitaraua etxez etxe banatzen, eta dagoeneko ikusgai dago interneten: astigarraga.eus webgunean, eta kronika.eus atarian, albiste honekin batera.


Haurrentzako jarduera ugari, eta ferietan prezio bereziak

Txupinazo txikiarekin hasiko dira Santio Jaiak asteazkenez, eguerdiko 12:00etan; eta ordu berean izango da feria gunearen irekiera, Donostia ibilbidean. Prezio bereziak izango dira bertan, Udalak eta AFADE ferialarien elkarteak hala negoziatuta. Uztailaren 24an 1,5 euroko prezio herrikoia izango dute atrakzio guztiek, eta gainerako egunetan, atrakzio txikiak 2,5 euroan eta haundiak 3 euroan izango dira, gehienez ere. Gainera, 8 bidaiako bonuak ere eskainiko dituzte: atrakzio txikietarako 14 euroan, eta haundietarako 15 euroan. Era berean, aurten egunero izango da soinurik eta argirik gabeko ordua ferietan, 17:00etatik 18:00etara.

Ferietatik kanpo ere, denetik izango dute gaztetxoek jaiez gozatzeko: bertako eta Iruñeko erraldoi eta buruhaundiak, bazkariak, kale ikuskizunak, ur parkea, apar festa, zezensuzkoa, ludoteka, karaokea, laberintoa...

Bazkari herrikoiak, eta abilezia guztietarako lehiaketak

Herritar gazte eta helduentzat ere, denetik izango da festez gozatzeko, erritmo bizian edota lasaiago. Beste urte batez, ez dute hutsik egingo bazkari herrikoiek; haur eta nerabeenak ez ezik, izango dira gazteena, marmitako lehiaketakoa, elkartasun bazkaria eta jubilatuen bazkaria. Jarduera herrikoiak ere hamaika izango dira; tartean, herri danborradaren kale buelta eta Larrain Dantza herrikoia. Eta lehiaketa eta txapelketak, abilezia guztietarako: toka eta bola, mahai jolasak, patata tortilla lehiaketa, xake txapelketa...

Mota guztietako kultur emanaldiak, egunez eta gauez

Kultur emanaldietan ere izango da aukera eta aniztasun zabala. Musikak toki garrantzitsua izango du beste behin, gustu eta estilo ezberdinetako saio eta kontzertuekin: Akerbeltz, Xskara, Marte Lasarte, Kresala, Duo Azabache, musika eskolako CD Montre, Neo eta K.A. taldeak, DJ S. Ghizzi, Elegancia Mexicana, Itzal, Janus Lester... Eta kalez kale ibiliko dira Sugarri Show, Zuttik, Pasai eta Kita Del pare txarangak, besteak beste.

Asko izango dira beste diziplinetako emanaldi eta ikuskizunak ere: Astigar dantza taldearen erakustaldia, Janire Etxaberen 'Atxine' eta Kukai taldearen 'Euskorleans' dantza ikuskizunak, bertso jaialdia, udalbatzaren Soka Dantza, herri kirolak...

Herriaren etorkizunari begiratzeko esperientzia birtuala, nobedadeetako bat

Beste berezitasunik ere izango dute aurtengo Santioek, eta horietako bat da herritarrei eskainiko dieten esperientzia birtuala, Astigarragaren etorkizunari begira jartzeko. Zehazki, Joseba Barandiaran plazan izango da horretarako aukera, 18 urtetik gorakoentzat: uztailaren 24an, 16:00etatik 18:00etara; eta hilaren 26an, 13:00etatik 14:30etara.

Xehetasun haundirik ez dute eman nahi izan, sorpresa izan dadin: «Etorkizuneko herria bizitzeko, irudikatzeko eta hautatzeko espazio irekia izango da. Esperientzia birtual honek uztartuko ditu teknologia eta irudimena, bertaratzen direnek beraien begiekin ikus dezaten herriaren bilakaera posiblea», aurreratu dute.

Indarkeriaren aurkako neurriak, Astigarraga herri segurua izateko jaietan ere

Santio Jaietako ekintza sorta aurkeztu ondoren, indarkeriaren aurkako neurrien berri ere eman zuen Ainara Vazquez zinegotziak: «Astigarraga herri segurua izatea nahi dugu, urte osoan zehar eta baita jaietan ere, batez ere emakumeentzat». Horretarako, aurreko urteetako ildoari eutsiko diote, eta prebentzio, arreta eta koordinaziorako ekimenak antolatu dituzte jaietarako. Batetik, karpa morea jarriko du Emagin elkarteak, 19:00etatik 22:00etara; eta 22:00etatik 05:00etara Emakumeon Etxean egingo dute arreta, eraso matxisten aurrean. Bestetik, telefono bidezko arreta ere izango da, 638 206 586 zenbakian. Eta Udaltzaingoa 24 orduz ariko da jaietako egunetan. 

Gainera, aurten ere eratu dute indarkeria kasuak koordinatzeko mahaia, jaien antolaketan inplikatutako eragileekin eta Udalarekin, koordinazioa eta erantzuna ahalik eta azkarrena eta eraginkorrena izateko, erasoen aurrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!