Astigar Elkarteak 50 urte bete dituen honetan, jarduera bereziekin zipriztintzen ari dira Santio Jaien aurreko egunak. Herrian oso errotuta dagoen kultur taldea da Astigar, Astigarragako bizilagun ugari izan dira, modu batera edo bestera, taldeko partaide, eta oraindik ere indartsu jarraitzen du.
Ostiral arratsaldean aurkeztu zuten 'Astigar. 50 urte euskal kulturaren alde!' dokumentala. Ekitaldi xumea bezain polita izan zen, eta sorreratik gaur egunera gertatutakoak aletu zituzten lagunartean.
Antton Arka eta Roxa Zabalegi izan ziren ekitaldiaren gidariak. «Ilusio haundiz eta gogoz prestatutako edukiak dira. Bideoan saiatu gara adierazpenak, sentimenduak, bizipenak, jasotzen. Horixe da Astigarrek urte hauetan zehar egin duena», hasi zen Arka.
Dokumentala proiektatu aurretik, grabazioan parte hartu duten herritarren lagin bat ere igo zen Erriberako oholtzara. Belaunaldi zaharren eta berrien artean prestatu dute 50. urteurreneko egitarau berezia, eta jarduera pila bat sortzen eta berreskuratzen ari da Astigar. Horixe azaldu zuten June Etxeberriak eta Nekane Urretabizkaiak: «Aurtengoa urte berezia izan denez, emanaldi gehiago egin ditugu. Astigarragako Inauteri berriarekin hasi genuen urtea. Irradakarekin jarraitu genuen, 50 emakume baino gehiago elkartuta. Aurten, aspaldiko partez, Dantzari Txiki berreskuratu dugu, giro oso polita sortuta... Hemendik aurrera ere geratzen dira ekintza bereziak. Hurrengoa, adibidez, jaien aurreko Preludioa izango da».
Dokumentala dagoeneko ikusgai dago Astigar Elkartearen webgune berrituan (https://labur.eus/p4hrwj86).
Anekdota ugari daude kontatzeko...
Askorako ematen dute 50 urtek, eta milaka anekdota sortuko ziren denbora tarte horretan. Dokumentala ikusi ondoren, Erriberan elkartutako herritarren artean kontu kontari aritu ziren, bozgora esan daitezkeen bizipenak aletzen. Hemen adibide bat: «1982an hasi ginen Astigarraga Aldizkariarekin. Banaketa etxez etxe egiten genuen, eta borondatea eskatzen genion irakurleari. Erakundeetatik oso diru gutxi jasotzen genuen, eta herritarren borondatearekin estaltzen genuen gastuaren erdia baino gehiago. Hala ere, non uste duzue jasotzen genuela diru gehiago, herrian ala baserrietan? Baserrietan, noski! Diruaren erdia baino gehiago jasotzen genuen Astigarragako 100 baserrietan. Gure baserritarrak beti izan dira irekiak eta jarrera onekoak. Herrian askok ez ziguten atera irekitzen!».
Astigarraga Aldizkariaren 44. alea, webgunean eta dendetan
Dokumentalaz gain, Astigarraga Aldizkariaren 44. alea ere aurkeztu zuten ostiralean. Astigar Elkartearen urteurrena da gai nagusia, baina beste zenbait kontu ere landu dituzte 84 orrialdetan.