Andorran eta Granadan zita Eneko Olveirak, denboraldia borobiltzeko

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 11a, 00:00

Hirugarren izan zen Eneko Olveira (eskuinean), Espainiako Koparen azkeneko proban, Valentzian.

Munduko Kopako proba jokatuko du igandean Arinsalen, eta Espainiako Txapelketa hurrengo asteburuan Bazan.

Bi zita garrantzitsu izango ditu Eneko Olveira astigartarrak, datozen bi asteburuetan, mendiko bizikletako denboraldiari buka­era eman eta atseden hartu aurretik. Igandean bertan izango du aurrenekoa, punta-puntakoa: Munduko Kopako proba jokatuko du Andorrako Arinsalen.

Ekainean Italiako Val di Solen aritu ondoren, bigarren aukera izango du Olveirak Munduko Kopan aritzeko, 23 urtez azpikoetan. Italiako proba ez zen nahi bezala atera astigartarrarentzat (81garren izan zen, bere maila onena eman ezinik), baina bizipenak eta esperientzia ekarri zituen bertatik, aurrera begira oso baliagarri izango dituenak. Orain, munduko gazte onenekin batera ariko da lehian berriro, Arinsalen. Igande arratsaldean izango da, 15:30etan hasita. Proba prestatzeko eta kalitatezko en­trenamenduak egiteko, aste osoa darama Andorran.

Espainiako Txapelketa, hurrengo asteburuan

Izan ere, lanak ez ditu Andorran bukatuko Olveirak, beste zita ga­rrantzitsu bat izango baitu hurrengo asteburuan: Espainiako Txapelketa lehiatuko du Granadako Baza herrian, uztailaren 18tik 20ra. Taldekako errelebo proban ariko da aurrena, Euskadiko selekzioarekin, ostiralean arratsaldeko 18:00etan. Eta igandean izango du proba nagusia, 23 urtez azpikoen txapelketa, goizeko 08:30etan hasita.

Lehia bizia izango du Olveirak bere kategorian, maila haundiko txirrindulariak baitaude estatu mailan. Edonola ere, podiumera igotzeko anbizioarekin aterako da lasterketara, denboraldi oso­an zehar erakutsitako maila erakutsi nahian.

Horren erakusgarri da Espainiako Kopa. Ekainaren 29an jokatu zuen azkeneko proba, Valentziako Cervera del Maestren; eta sekulako emaitza lortu zuen: hirugarren sailkatu zen elite mailako proban, Anioll Morellen eta Francesc Barberren atzetik (biak ere 23 urtez azpikoak, bera bezalaxe). Gainera, emaitza horrekin, sailkapen nagusian koxka bat gora egin eta hirugarren bukatu du Espainiako Kopan ere, Alberto Barrosoren eta Morellen beraren atzetik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!