Urte berezia ari da izaten Astigar elkartearentzat, 50garren urteurrena duen honetan; eta are bereziagoak izango dira hurrengo 12 egunak, hiru hitzordu oso seinalaturekin: dokumentala eta Aldizkaria aurkeztuko dute gaur; Santio Jaietako Preludioa egingo dute uztailaren 19an; eta txupinazoa botako dute 23an, ibilbide oparoaren omenaldi gisa.
Erriberan daukate zita gaur, arratsaldeko 19:00etan hasita; eta bertan aurkeztuko dituzte mimo haundiz osatutako bi lanak: 50garren urteurrenari buruzko dokumentala; eta 2025eko Astigarraga Aldizkaria.
84 orrialdeko ale berezia, urteurrena ospatzeko
Gaurko ekitaldiaren hasieran aurkeztuko dute, labur, aurtengo Astigarraga Aldizkaria. 44garren edizioa du, eta ale berezia eta mardula prestatu dute, 84 orrialdekoa. Nola ez, Astigar elkartearen 50garren urteurrena da gai nagusia, eta sakon jorratu dute bere historia: sorrerako testuinguru sozikulturala, elkartea legeztatzeko izan zituzten zailtasunak, etapa desberdinetako bilakaera, herriaren bizitzan izandako lorpen esanguratsuenak, eta herritar askoren testigantzak.
Baina beste hainbat gai garrantzitsu ere bildu ditu aurtengo Aldizkariak: udal liburutegiaren jarduera, herriko osasun arloko profesionalekin solasaldia, ibai parkeko urmaelak eta putzuak sustatzeko jarduna, kultur etxe zaharrean gaztegunea sortzeko hausnarketa, Umako azokagunea eraikitzeko proposamena, eta herriko abizen ospetsuenetako batzuen historia.
Behin Aldizkaria aurkeztuta, gaurtik aurrera izango da eskuragarri, herriko lau establezimendutan: Goxua, Valella eta Ogi Berri okindegietan, eta Maika kafetegian. Ohi bezala, borondatezko ekarpen ekonomikoa egin daiteke Aldizkaria jasotzean, edizio honetako gastuak ordaintzen laguntzeko.
Aldizkariko lantaldeak eskerrak eman nahi izan dizkie astigartarrei, «urtez urte erakutsitako interesagatik, gure herriko bizitza, historia eta kultura ezagutzeko. Horrek egiten gaitu herri bateko kide aktibo», nabarmendu dute. Eta gogora ekarri dute, «herriko jende askoren lan eta ekarpen altruistari esker» gauzatzen dutela Aldizkaria urtero. Bere edukiak eta beste hainbat, astigar.eus webgunean ere badaude eskuragarri, eguneratu egin dutena, «konfigurazio, diseinu eta formatu erakargarriagoa izateko helburuarekin».
«Ilusio haundia egiten digu dokumentala aurkezteak»
Aldizkaria aurkeztu ondoren, beste lan berezi bat aterako dute argitara, gaurko ekitaldian: Astigar elkartearen 50garren urteurrenari buruzko dokumentala. 25 minutuko ikusentzunezkoan, bildu dute elkartearen sorrerako testuingurua eta zailtasunak, etapa desberdinak, eta herriaren bizitzan izandako lorpenak. 70garren hamarkadako euskal nortasunaren erresistentziaren garaian sortu zuten elkartea zortzi lagunek, eta 50 urteko ibilbide oparoa izan du ordutik, herrian oso esanguratsua izan dena. Horren adibide da, esaterako, Astigar elkarteko kide izan direla herriko alkate guztiak.
Dokumentalean, elkarteko kideen eta herritar ugariren testigantzak bildu dituzte, Astigar elkartearen ibilbidea aletzeko. «Ilusio haundia egiten digu dokumentala aurkezteak, eta elkartearen ibilbidea ikusentzunezko lan batean jasota geratzeak», azaldu dute elkarteko kideek.
Zentzu horretan, Astigarrek bereziki eskertu nahi izan du Udalak emandako dirulaguntza, urte berezi honetako ekimenak aurrera eraman ahal izateko. Horri esker gauzatu ahal izan dute dokumentala ere.
Emanaldia bukatzean, gainera, solasaldia ere egingo dute bertaratuekin, elkartearen historia xehetzen jarraitzeko.
Gonbidapenak eskuragarri, 'astigarraga.eus' atarian eta Erribera kulturgunean
Doakoa izango da ekitaldirako sarrera, baina komeni da aldez aurretik gonbidapenak eskuratzea, Erriberan bertan edo astigarraga.eus webgunean.