Tren geltoki berria eraikitzeko akordioa «urrats garrantzitsua» da Udalarentzat

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 10a, 00:00

Xabier Urdangarin alkatea, Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburua eta Pedro Marco Adifeko presidentea.

Astelehenean sinatu zuten hitzarmena Astigarragako Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Adifek.

«Urrats garrantzitsua» eman zu­­en astelehenean Astigarragak. Hitz horiekin definitu du Udalak Eusko Jaurlaritzarekin eta Adifekin sinatutako akordioa; «Euskal Trenbide Sarearen bidez Astigarragako tren geltoki berria eraikitzeko kudeaketa gomendioa eta trenbide azpiegitura be­rria Astigarragarekin lotuko du­en pasabidea finantzatzeko hi­tzarmena», hain zuzen.

Xabier Urdangarin alkateak egin zien harrera Eusko Jaurlaritzako eta Adifeko ordezkariei, eta Susana García Chueca Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak eta Pedro Marco Adifeko presidenteak irudikatu eta sinatu zuten erakundeen arteko hitzarmena.

15 milioi euroko inbertsioa

Geltoki berria eta pasabidea eraikitzeko 15 milioi euroko inbertsioa egin beharko da. Geltokiaren eraikuntza Adifek ordainduko du, eta pasabidearen ordainketa Eusko Jaurlaritzarekin egingo du erdibana. Astigarragako Udalaren esku geratuko da pasabidea eraikitzeko behar diren lurzoruak jartzea eta mantentze lanak egitea.

Dokumentazio guztia martxan dago jada, eta Euskal Trenbide Sareak ekainean atera ditu lizitaziora eraikina egiteko obrak. Gauzak horrela, aurreikuspena da obrak aurten martxan jartzea.

Astigarragako geltoki berriaren proiekzioa.
 

Astigarragako Udala pozik azaldu da akordioarekin

Hitzarmena sinatzearekin batera, akordioaren balorazioa ere egin du Astigarragako Udalak. Herritarren mugikortasunerako «urrats garrantzitsua» dela nabarmendu du, eta horregatik izan duela «lehentasun osoa» legegintzaldi honetan: «Astigarragako garraio publikoa oso mugatua da, eta aldiriko tren geltokia martxan jartzean, herritarrentzat asko zabalduko da hainbat herritarako konexioa, eta mugikortasun jasangarria sustatuko da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!