Asteartean izan zen Astigarragako Plenoan Plan orokorraren 7. aldaketa puntualari behin betiko onarpena eman zitzaion, osasun zentro berria eraikitzeko partzela sistema orokor gisa izendatzeko. Behin onartuta geratu dela Jaurlaritzari akordioa jakinaraziko zaio eta Udalak lurren lagapenerako hitzarmena bideratzeko eta proiektua idazten hasteko eskatuko dio Jaurlaritzari.
Bestetik, Zarkumendegiko industrialdea hiritartzeko lanak amaitzear daude. Une honetan sare elektrikoaren inguruko lan batzukin ari dira eta azken moldaketa batzuk falta dira. Datozen hilabeteetan Zarkumendegiko sarrera eta aparkalekua txukunduko dira.
Obrak egiteko hainbat lehiaketa martxan jartzea onartu zen
Nabarra Oñatz 11ko lokala (Astitxiki 1) bi ikasturtez erabili du Euskaltegiak Herri Eskolak, eskola haunditzeko obrak egiten ziren bitartean. Orain, eskolako haunditzea amaituta, abian da Astigarragako euskaltegiaren egoitza berria bilakatzeko prozesua.
Tokiko Gobernu Batzarrak oniritzia eman zien proiektuari eta kontratazio espedienteari. Lan horiek 331.827,29 euroko aurrekontua dute (BEZa eta gastu guztiak barne). Lanak urtea amaitu baino lehen hasiko dira eta gauzatzeko 6 hilabeteko epea izango dute. Beraz, euskaltegian dabiltzanek 2026-2027 ikasturtea egoitza berrian hasiko dute.
Egingo den egokitzapenari dagokionez, euskeraren etxeak 339 m2-ko azalera eraikia izango du. Bertan, harrera, komunak, hainbat gela, sukaldea, gela... egongo dira. Proiektua euskaltegiko irakasleekin elkarlanean garatu da, haien beharrak asetzen direla ziurtatzeko.
Bidegorria DBHko ikastetxearen partzelara
Udalak udalerriko bidegorrien sarea osatzeko proiektua prestatu du. Egingo den lehenengo bidegorrietako bat Kale Nagusikoa izango da, DBHko eraikinera iritsiko den bidegorria, hain zuzen ere. Bidegorriak hiru zati izango ditu (Pelotari kalea; Kale Nagusia (Pelotari-Galtzaur); eta Galtzaur-DBH) eta horrela, zatika eraikiko da. Proiektuaren aurrekontua, guztira, 882.620 eurokoa da (BEZ eta gastu guztiak barne). Lehenengo zatia Pelotari kalekoa izango da, Donostia ibilbideko bidegorriarekin lotuta geratuko dena, eta Pelotari kaletik joango dena, kale nagusira arte. Tokiko Gobernu Batzarrak, proiektu osoari oniritzia ematearekin batera, lehenengo zati honen (Pelotari kalea) kontratazio espedientea onartu zuen. Lehen zati honetako obrak udazkenean hasiko dira eta 2,5 hilabeteko iraupena izango dute. Zati honen prezioa 428.120 eurokoa da (BEZa eta gastu guztiak barne).
Kontratu batzuk esleitzea onartu zen
Plenoan ere onartu zen Erribera kulturguneko ikastaro eta tailerrak emateko zerbitzuaren kontratazio-espedientearen 1go eta 2.loteak Kirol eta Kultura Aisian, S.L. enpresari esleitzea, bera izan baita punturik gehien lortu duena lizitazioan.
Erriberako zerbitzu tekniko-eszenikoaren kontratazio-espedientea Eragin Stac, S.L. enpresari esleitzea ere onartu da, bera izan baita punturik gehien lortu duena lizitazioan.
Santio Zeharran erdi-tentsioko eta behe-tentsioko lineak zabaltzeko, eta transformazio- zentroa instalatzeko kontratazio-espedientea Elecnor Servicios y Proyectos, S.A.U. enpresari 323.794 eurotan esleitu zaio, punturik gehien lortu duelako lizitazioan. Tranformagailuaren egokitzapenak ezinbestekoak dira kiroldegiko obrak martxan jarri ahal izateko, behin lan hauek bideratuta hasi ahal izango da kiroldegia berritu eta haunditzeko obrekin.
Hainbat dirulaguntza ontzat eman ziren
Dirulaguntzen eranskina eta dirulaguntzen plan estrategikoan aldaketak onartu zituen batzarrak: Astigar elkartearen urteko dirulaguntzan 30.000 euro gehituz (28.000tik 58.000ra), 50. urteurreneko ekitaldiak antolatzeko.
Bi dirulaguntza izenduni ere oniritzia eman zien Tokiko Gobernu Batzarrak: Astigarte elkarteari: 3.934 euroko dirulaguntza ematea onartu da, 2024-25 ikasturteko arte eskolak emateko, ikasturte amaierako erakusketarako eta arte tailer irekia antolatzeko, besteak beste.
Euskal Fondoa erakundeari: 64.207 euroko dirulaguntza ematea onartu da. Udalak hiru proiektu hautatu ditu, eta kopuruak, dirulaguntza izendunean zehaztutako kopurua
banatzeko, proiektuak iazko ildoari jarraituz hautatu dira.
Jai arloko lehia bidezko dirulaguntzak ere onartu ziren: Santiomendi jaietarako 3.289 euro. Sagardun partzuergoari 3.308 euro. Urumea Berri gastronomia elkarteari 4.000 euro, Aiotzategi auzoko jaietarako.
Hiru mozio onartu ziren
Hiru mozio ere onartu ziren Osoko Bilkuran: Gazaren egoerari buruzko mozioa. LGTBIQ+ Harrotasunaren egunari buruzko mozioa. Kuba estatu terroristen zerrendatik kentzeari buruzkoa.