Astigar elkartearen bideoa eta Astigarraga 2025 aldizkaria aurkeztuko dira ostiralean

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 6a, 00:00

50garren urteurreneko argazkia atera zuten.

Aurtengo aldizkaria 44garrena da eta 84 orriko ale berezian osatu da eta bertan, elkartearen ibilbide historikoa jasotzen da.

 

Astigarraga 2025 aldizkaria eta Astigar Elkartearen sorreraren 50. urteurrenari buruzko dokumentala aurkeztuko dira jendaurrean datorren ostiralean, uztailaren 11n, Erribera Kulturgunean. Aurtengo aldizkaria, alegia 44.a, 84 orriko ale berezian osatu da eta bertan Astigar elkartearen ibilbide historikoa jasotzen da, besteak beste. Ikus-entzunezkoak berriz elkartearen hastapenetako testuinguru soziokulturala, legeztatzeko zailtasunak, etapak, herriaren bizitzan izandako lorpen esanguratsuenak biltzen ditu.

Astigarraga 2025 aldizkarian Astigar Ellkartearen historia sakon jorratu da, honakoak jasoz: bere hastapenetako testuinguru soziokulturala, legeztatzeko zailtasunak, etapak, herriaren bizitzan izandako lorpen esanguratsuenak eta herri mugimenduaren indarrarekin batera bere eslogana (50 urte euskal kulturaren alde!) errealitate bihurtzen duen herritar askoren testigantzak.

 

Astigar Elkartearen historia 22 orrialdetan

Edizio berezi honek 84 orrialde ditu, eta horietatik 22 Astigar Elkartearen historiari buruzkoak dira, herriaren historiarekin eta bizitza sozialarekin lotutako artikulu garrantzitsuekin batera. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, udal liburutegiaren jarduera haundia, osasun arloko profesionalen solasaldia, ibai parkean dauden urmaelak eta putzuak sustatzeko jarduna, kultur etxe zaharrean gaztegunea sortzeko hausnarketa eta proposamena, Umako azokagunea eraikitzeko proposamena eta herriko abizen ospetsuenen historia.

«Gure urteroko aldizkaria egia bihurtzen da herriko jende askoren lan eta ekarpen altruistari esker». Era berean, «herriarekin dugun komunikazio soziala sendotuz, gure web-orria eguneratu dugu, konfigurazio, diseinu eta formatu erakargarriagoa izateko helburuarekin (www.astigar.eus) eta gure sare soziala (@astigarragaaldizkarian) ere elikatzen jarraitzen dugu».

Datorren uztailaren 11tik aurrera, ostiraletik aurrera alegia, herriko ondorengo guneetan jaso ahal izango dute astigartarrek aurtengo alea: Goxua, Valella eta Ogiberri okindegietan eta Maika kafetegian.

Ohi bezala, aldizkaria jasotzean borondatezko ekarpen ekonomikoa egin daiteke, edizio honetako gastu guztiak ordaintzen laguntzeko. «Eskerrak eman nahi dizkiogu Astigarragako herriari, urtez urte -dagoeneko 44 dira- izan duen interesarengatik gure herriko bizitza, historia eta kultura ezagutzeko. Horrek egiten gaitu herri bateko kide aktibo». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!