Aurtengo Santiotan gauez egingo dute danborrada

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 30a, 00:00

Ederki pasatzen dute herritarrek Santiotako danborradan.

Uztailaren 11 izango da izena emateko eguna, arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara Joseba Barandiaran plazan jarriko duten mahaian.

2019an hasi zuen ibilbidea Astigarragako Santio Jaietako Herri Danborradak, eta pandemiako gorabeheren ondoren, iaz izan zuen jarraipena. Hirugarren katebegia aurtengo jaietan gehituko da, eta berritasunekin antolatu dute edizio berria.

Uztailaren 24an aterako dira astigartarrak danborrak astintzera. Eguna ez, baina ordutegia oso bestelakoa izango da; lehenengoz gauez izango baita danborrada. 23:30etan abiatuko da Foru plazatik, eta ilargiaren argipean egingo dute kalejira.

Parte hartu ahal izateko baldintzak bi dira: «Danborra jotzeko gogoa edukitzea eta 18 urte edo gehiago izatea».

Izenematea uztailaren 11n zabalduko da

Parte hartu nahi duten herritarrek Joseba Barandiaran plazara joan beharko dute hurrengo ostiralean, hilaren 11n. Izan ere, bertan jarriko dute apuntatzeko mahaia Astigartar Lagun Taldeko kideek. Arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara egongo dira bertan.

Jakinarazi dute danborradan gehienez 80 pertsona atera ahalko direla, eta mahaira doan pertsona bakoitzak gehienez 4 apuntatu ahalko dituela. Hortaz, 80 leku horiek betetzen diren momentuan amaituko da izenematea.

Entsegu orokorra, hilaren 17an

Festen aurretik entsegu nagusi bakar bat egingo du danborradak. Txarangarekin batera elkartuko dira uztailaren 17an, arratsaldeko 19:00etan, Herri Eskolako patioan.

Jakin beharreko guztiak bertan azalduko dituzte antolatzaileek, baita jantziari buruzko xehetasunak ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!