Udaran ere eskainiko dute sevillanak dantzatzeko ikastaroa

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 29a, 00:00

Sevillanen ikastaroan aritu diren hainbat lagun, Kordobako Feriara egindako bidaian.

Asteazkenetan izango dira saioak uztailean, Erriberan, 17:00etatik 20:00etara. Zabalik dago izenematea, 'astisevillanak@gmail.com' helbide elektronikoan eta 630 678 474 telefonoan.

Sevillanak dantzatzeko ikastaroak ez du etenik izango udaran ere. Bukatu berri den ikasturtean 36 lagunek ikasi dute sevillanak dantzatzen, Pepa Caballero irakaslearen eskutik, Matazak elkarteak antolatuta. Eta nahi duenak, uztailetik aurrera ere izango du horretarako aukera.

Uztailean, asteazkenez izango dira saioak (hilaren 9an, 16an, 23an eta 30ean), arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara Erribera kulturgunean. Helduek zein haurrek hartu dezakete parte, eta izenematea zabalik dago: astisevillanak@gmail.com helbi­de elektronikora idatzita, edo 630 678 474 telefonora deituta. Helduen kasuan 20 euro dira hilabeteko ikastaroa, eta 7-14 urte bitartekoentzat 10 euro.

Abuztuan eta irailean ere eskainiko dute ikastaroa, taldea osatzen bada. Horietarako ere eman daiteke izena dagoeneko, bide beretik. Kasu horietan, aurrerago zehaztuko dute zein egunetan izango diren saioak, izena eman dutenen nahiaren arabera.

 

Ikasturte berria, urritik aurrera martxan

Gainera, dagoeneko ari dira prestatzen 2025-2026 ikasturtea ere, eta nahi duenak badauka apuntatzeko aukera, emailez zein telefonoz. Urrian hasiko da ikasturte berria, eta gogotsu daude aurrekoan aritu direnak. Izan ere, «beraien ametsa betetzea» lortu dute, sevillanak dantzatzen ikasi nahi zuten astigartar askok. 

«Joan den ikasturtean, lortu genuen maila ezberdineko taldeak osatzea, herrian bizi diren adin eta anbizio desberdineko herritarren nahia eta batasuna ikusita», azaldu dute. Ikasturte bukaeran, gainera, Kordobako Feriara bidaia egin zuten, «ikasitakoa praktikan jarriz eta elkarbizitzarekiko loturak indartuz». Dena den, nabarmendu dute ikastaroaren helburu nagusia dela «Astigarragan elkar ezagutzea eta lagun berriak egitea».

Bide beretik ariko dira ikasturte berrian ere. Asmoa da talde berriak osatzea 2025-2026 kurtsorako, bereziki haurrentzako talde bat sortuz; eta horretarako baliatu nahi dituzte udarako saioak ere. Horregatik, «esperientzia berri honetaz ilusioz gozatzera» animatu dituzte herritarrak, Matazak elkartetik.

 

Azaroan sevillanen kultura-trukea egiteko asmoa, Astigarragan

Aurreratu dute, era berean, azarorako ekitaldi berezi bat prestatzen ari direla. Sevillanen kultura-trukea antolatu nahi dute Astigarragan bertan.

Ikasturte bukaeran, berriz, beste bidaia bat egingo dute, ka­su honetan Jerezko Azokara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!