Gomazko paletako Gipuzkoako Herriartekoa bigarrenez irabaztea lortu du Astigarragak

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 29a, 00:00

Sari banaketa ekitaldiko argazkiak.

Frontoi osoko banakako eta binakako partiduak irabazita, garaipena eskuratuta iritsi zen Astigarraga zazpi barrukora. Azkenean, 2-1 hartu zuen mendean Andoain, eta duela bi urte lortutako balentria berrituta geratu da.

Duela bi urte lortutako balentria berritu zuen ostiralean Astigarragako gomazko paletako taldeak. Errenteriako Agustina Otaola pelotalekuan jokatu zituzten Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finalak, eta astigartarrek 2-1 hartu zuten mendean Andoaingo taldea.

Frontoi osoko banakako partiduarekin hasi zen finala. Asier Salaberria izan zen Astigarragako ordezkaria, eta gogotik izerditzea egokitu zitzaion Lopez de Munainen kontra. Oso norgehiagoka berdindua izan zen hasieratik, baina aldiro aurretik joan zen Salaberria, eta hortzak estututa aldeari eustea lortu zuen bukatu arte. 20-18 izan zen lehenengo partiduko emaitza.

Bigarrenean, frontoi osoko binakakoan, ederki baliatu zuten lehenengo partiduko abantaila Mikel Txoperenak eta Asier Luluagak. Nagusitasunez aritu ziren hasieratik bukaerara, eta alde haundiarekin irabazita, 20-8, erabakita utzi zuten final haundia.

Hirugarren eta azken partiduan, zazpi barruko banakakoan, jokoan ezer eduki gabe jokatu zuen Ganix Urdangarinek. Tentsio faltak asko eragin ohi du jokoan, eta astigartarrak ezin izan zuen garaipenik lortu. 20-9 galdu zuen Loidiren kontra.

Astigartarrak pozarren itzuli ziren Errenteriatik, bigarren aldiz Herriarteko txapela jantzita. Beste behin agerian geratu zen maila haundiko palistak dituela herriak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!