Bi urte bete dira udal gobernuak kargua hartu zuenetik, legegintzaldi erdia, eta, aukera paregabe hau aprobetxatu nahi izan du balorazio bat egiteko eta herritarrei aurreikusitako proiektuen egoeraren berri emateko.
Horretarako, Udalak batzar ireki bat egin zuen asteazkenean herritarrekin, proiektuen egoeraren berri eman eta bi urte hauetan egindako lan nagusien laburpena eta balorazioa egiteko. Horrekin batera, herritarrek ekarpenak eta galderak egin zituzten eta hausnarketarako tartea ere zabaldu zen.
Astigarragak izan duen hazkundearekin txiki geratu diren zerbitzu batzuk egokitzeko eta beharrak asetzeko, hainbat azpiegitura eta obra behar dira herrian, eta bidean edo amaituta daude.
Hainbat proiektu ere garatu dira
Azpiegitura eta obrez gain ere hainbat proiektu garatu dira, hain ikusgarriak ez direnak, baina guztiz beharrezkoak, hauek dira horietako batzuk: HAPOaren berrikuspena, urtea amaitu aurretik emango zaio hasierako onarpena; Etxebizitzari dagokionez alokairurako dirulaguntzak jarri dira martxan lehenengo aldiz eta Astigarraga hiri tentsiodun izendatzeko eskaera egin zaio Eusko Jaurlaritzari; tokiko merkataritza sustatzeko kontsumo ohiturei buruzko ikerketa egin da eta herriko establezimenduei aholkularitza eta laguntza eskaini; Astigarragako memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin Orbanen Egia dokumentala ekoitzi da; menpekotasun arriskuan dauden pertsonentzako eguneko arreta zerbitzua jarriko da aurki martxan.
Horrekin batera, aipatu beharra dago, Udalak urtero egiten duen ahalegina herriko elkarteek eta herritarrek egiten duten lana sustatzeko dirulaguntza deialdiak eta hitzarmenak abian jartzen (lehia bidezko dirulaguntzak eta dirulaguntza izendunak); 2025ean, esaterako, 1.054.607,05 euro bideratuko dira dirulaguntzetan.
Egindako proiektuez gain, aipagarria da lehen bi urteetan ezustean beste proiektu eta lan batzuk sortu direla, aurreikusita ez zeudenak. Proiektu horiek denbora eta ekonomia aldetik dedikazio haundia eskatu diote Udalari, eta, horren ondorioz, lehentasunak ezarri behar izan dira, beste proiektu batzuk bidean utzi edo atzeratuz. Hauek dira, besteak beste, horietako batzuk: Añarbeko bigarren kanaleko obra, uraren zikloa digitalizatzea, Astigarragako Herri Eskolako galdara, Kiroldegiko transformagailua....
Legealdi erdia pasa da, bai, baina oraindik beste erdia geratzen da, eta udal gobernua gogotsu dago beste hainbat proiekturi ekiteko, hauek dira, besteak beste, 2026-2027 urteen buruan egitea aurreikusten direnak: Harrera plana eta Hezkidetza plana sortu. Auzo zaharkituenetan hobekuntzak: Batetik, Ergobiako auzoan Urumea ibaiko lanak, Ergobiako zubian, eta Ergobiako plazaren birgaitzea egitea. Bestetik, Anuska auzoan hiritartze lanak. Umako azokagunea. Bidegorria Pelotari-Kale Nagusian (DBHra iritsiko dena). Herriko gazteentzat: entsegu gelak egitea eta Kultur Etxe zaharra gazteen gune bilakatzeko
egokitzea. Herriko adineko pertsonentzat: +55 gunea. Udal bulegoen antolaketari ekiteko ongizate saileko udal bulegoen lokala egokitzea. Zarkumendegiko hiritartzea ia amaituta dago, eta datozen hilabeetan egingo dira sarrera eta aparkalekua. Errekalden aparkalekua egingo da.
Planaren %54,84 beteta
Legegintzaldiko planaren %54,84 beteta, udal-gobernuak uste du erritmo egokian ari dela lanean, eta agintaldia amaitzeko geratzen diren bi urteetan ildo horretan jarraitzeko asmoa agertu du.
Agintaldi planaren jarraipena: agintaldi planaren jarraipena sei hilero eguneratzen du Udalak. https://www.astigarraga.eus/eu/legegintzaldi-plana-2023-2027.