Legealdi erdiaren balorazioa gaur, herritarrekin batera

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 25a, 00:00

Arratsaldeko 19:00etan jarri du hitzordua Astigarragako Udalak, Erribera kulturguneko erakusketa aretoan. Orain artekoa baloratzeaz gain, hemendik aurrerakoak ere azalduko dituzte gaurko saio irekian.

Pasa den ekainaren 17an bete ziren bi urte Xabier Urdangarinek gidatutako taldeak Astigarragako Udal Gobernuko kargua hartu zuenetik. Legealdiaren ekuatorea pasa berritan, bilera ireki bat egiteko hitzordua jarri du Udalak, herritarrekin batera orain arte egindakoa baloratzeko. Gaur arratsaldean izango da saioa, 19:00etan hasita, Erribera kulturguneko erakusketa aretoan.

Bi zatitan banatuko dute bilera. Lehenengoan alkateak eta zinegotziek hartuko dute hitza, orain arte egindako lana azaldu eta datozen urteetarako proiektuen berri emateko. Bigarren zatian, berriz, mokadutxo baten bueltan ordezkariei galderak egiteko aukera izango dute herritarrek, proiektuei buruzko informazio zehatzagoa jaso ahal izateko. Jakinarazi dute bigarren zati horretareko hainbat euskarri erabiliko dituztela.

Astigarragako Udalak garrantzitsutzat jo du gaurko bilera, eta herritar guztiei egin die Erriberara joateko deia: «Udal taldearentzat garrantzitsua da orain arte egindakoa herritarrekin partekatzea, zer ez den garatu eta zergatik azaltzea eta agintaldia amaitu aurretik egingo diren proiektuen berri ematea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!