Astigarte elkarteak Ergobian egin duen murala aurkeztu eta diseinua azaldu du

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 22a, 00:00

Astigarte elkarteak margotu du murala eta aurkezpena egin zuten agintariekin.

Diseinuaren gaia «hexagonoa» izan da.

 

Ostegunean bildu ziren Ergobia auzoan Astigarte elkarteko irakasle eta ikasleak, udal ordezkariak eta hainbat herritar. Bertan, Astigarte elkarteko kideek egindako murala aurkeztu eta bere diseinua azaldu dute. 

Udalak Ergobia auzoko Pagoaga txokoa txukundu zuenean, bertan horma-irudi bat egitea eskaini zion Astigarte elkarteari. Elkarteak pozik hartu zuen albistea, eta udazkenean hasi zen horma-irudia diseinatzen, Astigarteko ikasturtearen hasierarekin batera, eta azken emaitza ikasturtearen amaierarekin batera aurkeztu dute. 

 

Raquel Salinas eta Idoia Beratarbide arduratu dira diseinu orokorraz

Raquel Salinas eta Idoia Beratarbide, Astigarteko irakasleak, arduratu dira diseinu orokorraz. Pintura lanaren zati bat ere beraiek egin dute eta bestea elkarteko ikasleek, bakoitzak bere diseinua garatuz. Elkarteko haurrek, gazteek eta helduek hartu dute parte, eta bakoitzak diseinu txiki bat du diseinu orokorraren barruan. 

Aukeratutako gaia hexagonoa izan da, izan ere, diseinua egiteko horma ezagutzera joan zirenean hormaren ardatza hexagonoa zela ikusi zuten eta horretan oinarritzea polita izan zitekeela pentsatu zuten. Hasteko hexagonoa gaiari buruzko bozeto batzuk egin zituzten sorkuntza tailerretan eta hortik abiatu ziren murala sortzeko. Hexagonoa konposizio eta forma gisa erabiltzeaz gain, elkartean haren inguruan arakatzen aritu dira eta hexagonoa sormena, natura, zaintza, komunitatea eta harmonia bezalako kontzeptuekin lotuta dagoen figura bat dela jakin dute. Hori guztia kontuan hartu dute lana egiteko, eta diseinuan islatuta geratu da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!