Aurten ere antolatu dute TortiELA txapelketa eta jaialdi solidarioa Astigarragan, Adela Gipuzkoa elkarteak eta Kupela tabernak. Bihar bertan izango da, goizeko 10:00etatik aurrera, Emakumeon Plazan.
Ordu horretan hasiko dute tortilla lehiaketa, eta doakoa izango da izenematea, Kupela tabernan. Eguerdiko 12:00ak arte izango da lehiaketa martxan. Ondoren, behin lehiaketako epaimahaiak tortilla guztiak dastatuta, 13:00etan egingo dute sari banaketa.
Haurrentzako jolasak ere izango dira goizean zehar, eta txorizo pintxoak eta sagardoa ere bai, festa girotzeko.
Jaialdia borobiltzeko, gainera, bazkaria ere egingo dute: paella-jatea, 14:00etan hasita. 8 euroan izango da eskuragarri paella platera eta edaria. Eta bazkalostean, kontzertua eta jolasak izango dira.