Sara Etxeberria Zapirainen 'Kolorez jai' da Santiotako kartel irabazlea

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 17a, 00:00

Naroa del Orden zinegotzia eta Sara Etxeberria.

Epaimahaiak Santio jaiak 2025 iragartzeko kartel irabazlea aukeratu du. 

 

Sara Etxeberria Zapirainen Kolorez jai kartelak iragarriko ditu Santio jaiak. Jai batzordeko hainbat kidek osatutako epaimahaiak (Berdintasun eta Kultura zinegotziak, Gazte Asanblada, Danborrada, Aurrera Mutilak, Gaztelekua, Marmitako eta herriko musika talde bateko kideak), jasotako kartelen artean Sara Etxeberriarena aukeratu zuen. Lor zitzakeen 8 botoetatik 5 boto lortu zituen irabazleak. 

«Gure folklorea eta ohiturak gogoan hartuta ekarri ditut. Beraz, dantzan eta saltoka dabiltzan pertsonaiek Santio Jaiak jai parte-hartzaile eta herrikoi gisa irudikatzen dituzte» dio sortzaileak. Loreak, ilargia eta beste elementu natural eta fantastiko batzuek Astigarragako ingurune naturala eta udara gogorarazten dute.

Pertsonak irudikatzeko orduan, adin guztietako eta estereotiporik gabeko pertsonak ageri dira. Gainera, pertsonaia horiek jai-giroaren energia eta emozioa transmititzen dute. «Niretzat oso garrantzitsua da mota honetako lanetan askotariko gorputzak irudikatzea, disidenteak eta adineko pertsonak barne. Gorputzaren irudiaren inguruko egungo gatazkaren aurrean nire lan artistikoen bidez hartutako erabaki kontzientea da», azpimarratu nahi izan du Sarak.

Oro har, kartel honek argi eta garbi gonbidatzen ditu herria eta bisitariak jaietan parte hartzera, dantzatzera, ospatzera eta elkarrekin gozatzera. Estilo ludiko eta umoretsu baten bidez, jai herrikoi bat iragarri nahi du, haur, gazte eta helduek gozatuko dutena.

Kartela Santio jaietako egitarauaren azalean agertuko da, eta jaiei lotutako euskarriak ere diseinu horrekin egingo dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!