Munduko Kopan ariko zara, munduko 60-70 txirrindulari onenekin, 23 urtez azpikoetan. Hitz potoloak dira horiek...
Ba bai. Egia esan, ez nuen espero hori lortzerik kategoria honetan (23 urtez azpikoetan) nire aurreneko urtea izanda, eta hain azkar gainera. Beharrezko puntuak azkar lortu ditut denboraldi honetan. Sekulako gogoa daukat hura zer den bizitzeko, eta ikusteko zer nolako maila dagoen.
Val di Solen daukazu hitzordu seinalatua, ekainaren 22an. Nola begiratzen diozu?
Proba ezberdina izango da. Nahiko atzean aterako naiz, oraindik puntu askorik ez daukadalako, eta horren arabera osatzen delako irteerako 'parrilla'. Atera, nire onena ematen saiatu, eta ea noraino iritsi naitekeen. Oso gogotsu nago, eta oraindik urduritasuna sartu ez zaidan arren, badakit eguna gerturatu bezala etorriko dela. Asteazkenean joango gara bertara, kokatzen hasteko.
Kategoria aldaketarekin, distantzia luzatu eta kontrarioen maila haunditu da. Eta hala ere, aurreko postuetan izan zara hasieratik. Sorpresa haundia izan da zuretzat?
Hasiera batean, ez nekien lasterketa luzeagoak izateak mesede edo kalte egingo ote zidan, baina aurten ikusi dut niretzat beharbada hobeak direla proba luzeagoak. Ondo sentitu naiz denboraldi hasieratik. Egia da aurreneko probetan atzetik aurrerako bidea egitea tokatu zitzaidala, kategoria berria izanik punturik ez nuelako eta azkeneko lerroetan abiatu behar nuelako. Baina orain, aurrerago hasita, errazagoak dira lasterketa hasierak, eta oso gustura ari naiz.
Distantziari neurria hartzea ez zen erraza izango, hain intentsitate haundiko diziplina izanda, gainera...
Uneoro zoaz pultsua oso altu duzula, atsedenik gabe; eta ondo ezagutu behar duzu zure gorputza, jakiteko zein erritmotan joan zaitezkeen, lehertzera iritsi gabe. Denboraldi hasieran, Green Series txapelketako Ispasterko proban, izan nuen txakalaldi majoa. Oso indartsu hasi nintzen, aurreneko postuan jarri nintzen, eta ihes egin nuen. Baina azkeneko bi itzulietan hustuta nengoen, indarrik gabe; eta hirugarren bukatu nuen azkenean. Nentorren lau itzuliko probak egitetik, eta orain seikoak egin behar; ba azkeneko bi horiek soberan izan nituen.
Kategoria berrira azkar egokituta, Lizarran lortu zenuen emaitza esanguratsuenetako bat, oso maila haundiko proban bigarren sailkatuta.
Lizarrako proban askotan aritu naiz, urtero hartu izan dut parte kategoria ezberdinetan, eta asko gustatzen zait. Gustukoen dudan zirkuituetako bat da. Sekulako maila zegoen eliteko proban, eta ez nuen espero bigarren izaterik, inondik inora. Ikaragarria izan zen. Aurreneko bostetan sartzea ere ederra iruditzen zitzaidan.
Garaipenak ere pilatzen hasi zara: Euskadiko eta Gipuzkoako txapeldun, Barakaldoko proban ere irabazle... 'Txipa' aldarazten du horrek,
lasterketen hasieran?
Nik berdin jarraitzen dut, lasterketa batzuk irabazi arren. Egia da beste anbizio batekin abiatzen zarela. Ikusi dut salto haundi bat eman dudala nire mailan, eta aurrean ibiltzeko moduan naizela.
Munduko Kopako proban aldatu egingo da hori, printzipioz. Pentsatzekoa da beste lehia bat izango dela zurea, postu batzuk atzerago. Nola irudikatzen duzu?
Hainbesteko mailarekin, eta ustez azkeneko lerrotik abiatuta, aurreneko 40etan sailkatzea bera oso emaitza ona litzateke. Baina oso zaila da imajinatzen, ez baitut horrelako probarik sekula bizitu. Aurreneko aldia izanik, esperientzia pilatzea izango da aurreneko helburua.
Erreferentziarik izatekotan, denboraldi hasierako probak dauzkazu, ezta?
Bai, mundu mailako bi probatan hartu nuen parte, Chelvan (Valentzia) eta Banyolesen (Girona). Munduko Kopetan aurreneko postuetan dabiltzanak izan ziren bertan. Horietan, ezin atzerago hasi nintzen. Banyolesen, adibidez, 140 partehartzailetik azkeneko lerroetan atera nintzen, eta ia 100 txirrindulari aurreratu nituen. Beraz, erreferentzia haundirik ez nuen izan nire oraingo lehiakideekin. Beraiek aurrean hasi ziren, eta niri etengabe erremontatzea tokatu zitzaidan.
Mundu mailatik gurera bueltatuta, hemen badago mendi bizikletarekiko afizioa, baina, gaztetan bereziki, zailtasun haundiak daude lehiatzeko, ezta?
Hala da, bai. Gipuzkoan gure taldea, OTXE (Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskola), da bakarra mendian aritzen dena. Eta oso lasterketa gutxi daude mendiko bizikletarekin. Guk Gipuzkoako Txapelketa antolatzen dugu txikientzat, baina horrez gain, alebinetan eta infantiletan ez dakit proba bakar bat ere badagoen.
Zu hasi zinenean ere, egoera berbera zen?
Astigarragako txirrindularitza eskolan hasi nintzen ni, sortu zutenean, 2017an. Uste dut beranduago hasi nintzela lehiatzen, eta mendiko bizikletarekin hartzen nuen parte errepideko probetan. Ez geneukan errepideko bizikletarik. Guk mendian aritu nahi genuen, baina ez zegoen horretarako lasterketarik.
Hasieratik izan zenuen garbi mendiko bizikletarekin aritu nahi zenuela?
Bai. Ni aitarekin batera joaten nintzen mendira bizikletan. Elkarrekin hasi ginen biak, duela 10 bat urte. Errepidean ere ibiltzen nintzen tarteka, baina ikusten nuen mendia nuela gustukoen. Gerora, OTXEn sartu nintzenean, infantil mailan, denetarik egiten genuen: errepidea, mendia, trial, BMX... Lehiatzeko baino gehiago, ikasteko zen. Kadete mailatik aurrera bagenuen aukera gehiago mendian lehiatzeko, Euskadi mailako probetan. Dena den, disfrutatzeko asmoz aritzen nintzen ni. Lasterketetan hartzen nuen parte, baina adin horretan ez nuen entrenatzen ahalik eta emaitza onenak lortzeko.
Hain aukera gutxirekin, talde haundi xamar baten babesa izateak asko laguntzen du, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Orain taldekide dexente joaten gara lasterketetara. Aurten Espainiako Kopa osoa ari gara lehiatzen, eta taldeko 10 txirrindularirekin batera, lau teknikari ere joaten dira, tartean nire aita. Furgonetan joaten gara, eta lasterketaren tokian etxe bat hartu. Hori guztia taldean egiten dugu, eta oso garrantzitsua da aukera eta babes hori izatea.
Val di Soleko Munduko Koparen ondoren, non daukazu jarrita bista?
Bi proba nagusi geratuko zaizkit. Batetik, Espainiako Koparen azkeneko proba ekaineko azkeneko asteburuan; eta bestetik, Espainiako Txapelketa uztailean. Oso maila haundia dago 23 urtez azpikoetan, eta oso zaila dago aurreneko postuetan sailkatzea. Espainiako Txapelketan podiuma lortzea ikaragarria izango litzateke, baina ez diot mugarik jarriko nire buruari.