Lauri Matias argazkilariaren Astigarragako 13.000 argazkiren artxiboa eskuratu du Astigarragako Udalak. «Lauri Matiasek hainbat komunikabidetan kolaboratu du hamarkadatan, bere argazkien bitartez Astigarragaren historia eta bizitza jasoz. Beraz, gure udalerriko argazki bilduma haundia du», nabarmendu du Udalak. Hori horrela, hitzarmen bat sinatu du berarekin, argazki horiek eskuratzeko.
2004tik 2025era Astigarragan egindako hainbat ekitalditako 13.000 argazki Udalaren esku geratu dira, Lauri Matias egilearekin hitzarmena sinatu ondoren. Argazkiak urteen eta ekitaldien arabera sailkatuta daude, eta Udalarentzat «lorpen garrantzitsua da horiek eskuratzea, ondarea aberasteko balioko baitute».
Argazkiak Udalaren barruan erabiliko dira hainbat eginkizunetarako, komunikaziorako besteak beste, baina Udalaren asmoa ere bada argazkiak herritarren eskura jartzea, eta hori nola egin aztertzen ari da, «guztiok ondare grafiko baliotsu honetaz gozatzeko aukera izan dezagun».
Udalarentzat ekarpen garrantzitsua da argazki bilduma, eta eskerrak eman nahi izan dizkio argakilariari.