Ahober Ziklo berri bat hasiko da igandean Erriberan, Kanta Cantemus koruarekin

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 11a, 00:00

Astelehenean aurkeztu zuten Ahober Zikloa, Erriberan.

Eragiyok abesbatzak antolatutako abesbatzen zikloan, lehenengo kontzertua izango da hondarribiarrena, 19:00etan hasita.

Igandean hasiko da Ahober ahots berdinen abesbatzen zikloaren hirugarren edizioa, arratsaldeko 19:00etan Erribera kulturgunean. Aurten hiru kontzertu iragarri dituzte, eta igandekoa izango da lehenengoa, Hondarribiako Kanta Cantemus koruarekin. Eva Ugalde Álvarez da zuzendaria, eta neskek bakarrik osatzen dute abesbatza.

Astigarragako Eragiyok abesbatzak 2023tik antolatzen du ahots berdinen abesbatzen zikloa herrian. Aurtengo ekitaldia hiru kontzertuk osatuko dute, aurreratu bezala: Kanta Cantemus koruaren ondoren, Ferrum abesbatza asturiarra izango da bisitari irailaren 20an, Eragiyokekin batera abesteko; eta  abenduaren 20an Eragiyokek berak eskainiko du hirugarren kontzertua. Hiruak izango dira Erriberan, 19:00etan hasita.

Ziklo honekin, Eragiyokek Astigarragako, inguruko herri­e­tako eta Gipuzkoako kultur eskaintza haunditzea bilatu du, gutxiago landutako esparru batean: ahots berdinen taldeena. Horrekin, ahots berdinen errepertorioa lantzeko eta zabaltzeko egindako lanari jarraipena ematen dio. Izan ere, bere ibilbidean zehar ahots berdinetarako egindako ehun obra desberdin baino gehiago abestu ditu Eragiyokek, euskal egileenak izanik horietatik laurogei.
 

Eva Ugalde Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazioko presidentea da

Igandean Astigarragan arituko den Kanta Cantemus koruak honela deskribatu du bere burua: «Gure zuzendari emeritu eta lagun Javier Bustok 1995ean sortu eta 'mitikoa' izan zen lehenengo Kanta Cantemus koruaren oinordekoak gara. Ordutik, taldeak ibilbide luzea egin du, izen ezberdinak, sari batzuk eta, batez ere, musika askorekin».

Eva Ugalde zuzendariak, konposizioan eta irakaskuntzan oinarritzen du bere jarduera, batez ere Donostiako Francisco Escudero Musika Kontserbatorio Profesionaleko 'Musika Hizkuntza' eta 'Abesbatza' irakasgaietan. Gaur egun, Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazioko presidentea da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!